Metroaren obrei buruz "gezurra" esan izana egotzi dio EH Bilduk Eneko Goiari
Donostiako EH Bilduk ikertu egin du Donostiako metroaren obrak gelditu izanaren inguruan, eta Eneko Goia alkateak “donostiarrei gezurra zergatik esan dien” azaldu beharko duela adierazi du Reyes Carrere EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak.
“Bai langileen lan egoera ziurtatzen duten dokumentuengatik, bai egin ziren zundaketen azterketagatik, bai tunelen barrutik iritsi ziren informazioengatik, baita bildu ditugun beste datu askorengatik ere, ez dago modurik defendatzeko Goiak ez zekiela obrak ekainetik geldirik zeudela eta, gainera, hilabeteak zeramatzatela kontratua bertan behera uzteko baldintzak prestatzen”, adierazi du Carrerek.
Eneko Goia alkateak asteleheneko batzordeetan egingo duen agerraldian “azalpenak eman” beharko dituela adierazi du Donostiako EH Bilduko bozeramaileak.