Isabel II.a etorbidea berritzeko proiektuarekin zer egin aztertzen ari da udala
Donostiako Udalak oraindik ez du erabaki zer egingo duen Amara Berriko Isabel II.a etorbidea berritzeko proiektuarekin. “Mahai gainean dago gainerako beste gai batzuekin batera. Kontuak egiten ari gara”, azaldu du Eneko Goia alkateak hedabide honen galderari erantzunez.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpen ekonomikoa eta udalek izango duten zorpetze maila zein izango den argitzean, udalak erabaki bat hartuko duela esan du alkateak. “Inbertsioen azterketa egin behar dugu, eta lehentasun batzuk finkatu”. Udal gobernuak otsaila bukaeran eman zion argi berdea Isabel II.a etorbidearen berritze proiektuari. Urbycolan enpresari adjudikatu zizkioten lanak 890.530 euroko aurrekontuarekin.
Duela urtebete, EAJk eta PSE-EEk adosturiko 2019-2023 gobernu programa aurkeztu zuten. Hamar ildo nagusi jorratzeko konpromisoa agertu zuten bi alderdiek, eta horietako batean dago Isabel II.a etorbidearen proiektua. Beraz, udal gobernuaren lehentasunetako bat dela esan daiteke.
Auzotarren kezka
Amara Berriko Bizilagunen Elkartea kezkatuta dago proiektua bertan behera geratu daitekeelako. Hain zuzen ere, Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratu zuen proiektua bertan behera utziko zuela udal gobernuak. Ordea, azkenean, erabakia hartu gabe utzi zuten pasa den asteko Tokiko Gobernu Batzordean. “Ulertzen dugu ez dela onargarria hilabete eta urte luzetan diseinatutako, kontsultatutako, publikatutako, lizitatutako eta onartutako obra bat orain bertan behera gelditzea. Uste dugu Amara Berrik merezi eta behar duela elkargune nagusi bat auzotar guztientzat. Isabel ll.a toki bezela ideia oso ona da, eta ziur gaude bizilagun guztiok bat gatozela horrekin”, adierazi du elkarteak.