Uliako ur biltegiak segurtasunagatik ixtea aztertzen ari da udala
Uliako Lore-Baratzak taldeak bilera egin zuen asteartean udalarekin, eta Aranzadi egiten ari den txostenaren berri eman zieten. "Gustatuko litzaiguke Aranzadik txosten tekniko horren berri ematea eta jendeari azaltzea", adierazi dute.

Eneko Goia alkateak asteleheneko udal batzorde batean aurreratu zuenez, udala aztertzen ari da Uliako Mintegietako ur biltegiak ixtea. Prebentzio eta segurtasun neurri gisara hartuko lukete behin-behineko erabakia. Aranzadi Zientzia Elkartea ur biltegien egoera aztertzen ari da, eta irailean zulaketak egin zituzten. Biltegien egitura ezegonkorra dela ondorioztatu du Aranzadik, nahiz eta ez duen ikerketaren inguruko txostenik argitaratu.
Uliako Lore-Baratzak taldeak bilera egin zuen asteartean udalarekin, eta Goiak aurreraturiko informazio bera eskaini zieten. “Aranzadik egindako zulaketetan ezegonkortasunak agertu direla esan digute”, azaldu dute. “Kasualitate handia” iruditzen zaiela gaineratu dute, ur-biltegien egoera horrek justifikatuko lukeelako Aranzadiren erreabilitazio plan bat. “Gustatuko litzaiguke Aranzadik txosten tekniko horren berri ematea eta jendeari azaltzea”.
Bestalde, Diario Vasco egunkariaren jarrera salatu dute: “Azken asteetan Uliako Lore-Baratzak taldearen kontrako kanpaina egiten ari da. Izan ere, Aranzadiri presioa egitea egotzi digute eta faltsuak diren kartel batzuk agertu izana aurpegiratu. Ekintza horiek ez ditugu guk egin. Aranzadiri ardura eta gardentasuna eskatzera mugatu gara”.