Kroazian abiatuko du Realak Europako ibilbidea
Hiru urteren ondoren, Reala Europan da berriz ere. Txuri-urdinek Kroazian jokatuko dute gaur Europa ligako lehen partida Rijekaren kontra, 18:55etik aurrera. F multzoan dago Reala, lehiatua izango dena. Rijekarekin batera Italiako Napoli eta Herbeheeretako AZ izango ditu arerio.
Partida zaila izango dela adierazi zuen atzo Imanol Alguacil entrenatzaileak: “Ezezaguna izango da askorentzat, baina behin haien bideoak ikusita jabetu naiz gaitasun handiko taldea dela”. Mikel Oiartzabal kapitainak, berriz, esan zuen gogotsu dagoela Europako ibilbidea hasteko: “Iaz asko borrokatu ginen Europarako sailkatzeko. Kalitatea duen taldea da, eta ehuneko ehuna eman beharko dugu, baina horretan saiatuko gara. Irabazi egin behar dugu, konfiantza eskuratzeko”.
Berria egunkariaren arabera, ondorengo hamaikakoa zelairatu dezake gaur Alguacilek: Moya; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Zubimendi, Gebara, Silva; Portu, Oiartzabal eta Isak.
Aurreko esperientzia
Europa ligan aurrez 2017-2018 denboraldian aritu zen talde txuri-urdina. Multzoaren sailkapen fasean bigarren postuan bukatu zuen, Errusiako Zenit taldearen atzetik. Ordea, final-hamaseirenetan Austriako Salzburgok kanporatu zuen Reala. Etxean 2-2 egin zuten, eta Austrian 2-1. Orduan lorturikoa gainditzea dute helburu txuri-urdinek.