"Prentsa izan zen nire jatorria, eta nolabait logotipo honek hasierara ekarri nau berriz ere"
Irutxuloko Hitzaren 15. urtemugako ospakizunean parte hartu du Iñaki Martiarena 'Mattin' (Donostia, 1967) ilustratzaileak. Paula Estevezen moduan, Mattinek ere diseinu bat egin du Irutxuloko Hitzaren produktu berrientzat. Marrazkigintzan eta prentsan ibilbide luzea du artistak, eta duela hamabost urte, Iruxuloko Hitza ere ilustratu zuen sortu berritan.
Irutxuloko Hitzaren 15. urteurreneko kanpainan parte hartu duzu. Zure diseinuak zer irudikatzen du, eta zein da bere mezua?
Erdia irakurleak interpretatzen du, eta beste erdia nik neuk sortarazten dut. Nik ez dut guztiz ixten esanahia. Orduan, publikoak hor ikusiko luke emazte itxura duen irakurle bat. Jo dut grafika sinple bat egitera, jakin bainekielako gero hori seriegrafian aterako zela. Beraz, ez nuen nahi teknikoki oso konplexua izatea. Eta mezua aski oinarrizkoa da. Irakurlea lurrean dago etzanda, eta aldizkariak, aldiz, hegan egiten du. Uste dut oreka horretan datzala gure jarduna: alde batetik, oinak lurrean izatea, eta bestetik, irudimenak eta euskarak lau haizetara hegan egin dezatela. Nire asmoa da bultzada bat ematea proiektuari, eta jakina, euskarari.
Zerk inspiratu zaitu, hori diseinatzerako orduan?
Prozesua inkontzientea izaten da. Egia da 30 urte daramatzadala jardun honetan, eta gaztetan inkontzienteagoak ginela orain baino. Baina esango nuke bat-bateko inpultso bati jarraituz egin nuela. Enkargua jaso bezain pronto, dozena bat zirriborro egin nituen: denek joera berdina zuten. Partekatu nuen Irutxuloko Hitzakoekin eta adostu genuen hau izango zela egokiena.
Diseinatzen duzunean, nolakoa da zure sorkuntza-prozesua?
Esan behar dut kazetaritzan lizentziatua naizela, eta gaztetatik izan nuela behar bat komunikatzeko. Lan esperientzia handia daukat prentsan: prentsa izan zen nire jatorria, eta nolabait logotipo honek hasierara ekarri nau berriz ere. Esango nuke irudi bidez mezua transmititzea dela koxka. Nire prozesua anitza da: batzuetan barrutik dudan ahotsari jaramon egiten diot, eta beste batzuetan enkarguak dira. Hau Irutxulok egindako enkargu bat da, eta saiatu naiz mezua hedatzen, eta oreka bat bilatzen hitzaren eta irudiaren artean. Saiatzen ari gara gure hitza janzten, eta grafika aberasten. Aniztasun bat bilatzen dut esparru desberdinetan, eta kasu honetan, diseinuan.
Erraza da hitza edo ideia bat irudira eramatea?
Hori ikasi egiten den kontu bat da. Jaiotzetik badugu joera geure burua irudi bidez antolatzeko, baina egia da hizkuntza hori ikasi egiten dela. Alfabeto bisuala ere badago.
Garrantzitsua da denbora edukitzea sorkuntzarako?
Bai. Gero eta denbora gutxiago daukagu, gero eta estutasun handiagoan bizi gara, eta orduan, sorkuntzarako baldintza zailagoak ditugu: irakurlea ohartu behar da sormenak denbora behar duela. Sortzeko denbora behar da, eta gaur egungo bizimoduan hori oso zaila da. Askatasun artifizial horretan kendu digute sortzeko, barruko ahotsa entzuteko eta hausnartzeko behar den patxada.
Eta hartzen duzu denbora hedabideak jarraitzeko?
Hedabideen sektorea ondo ezagutzen dut, eta jakin badakit hor zer aldaketa gertatzen ari diren. Irutxuloko Hitzaren jarraitzailea naiz, eta paperean irakurtzen dut batez ere.
Zer sentitzen duzu Irutxuloko Hitzaren 15. urteurrenean parte hartu izanagatik?
Poz handia, eta ardura.
Abian da Irutxuloko Hitzaren 15. urteurreneko kanpaina
Irutxuloko Hitzak hamabost urte bete ditu, eta gure ibilbide osoan, Donostian gertatzen den hori kontatu dugu: beste lekuetan tokirik ez duten pertsonei ahotsa eman diegu, eta auzoei alde batetik bestera zukua atera diegu. Eta, gainera, euskara hutsean eskaini dizuegu informazio guztia. Komunitate zabala osatu dugu, eta hori ospatu beharra dago. Paula Estevez eta Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileen sormenaren ondorio diren kamiseta eta poltsak aurkeztuko ditugu laster, Irutxulo.hitza.eus webgunean. Hurrengo egunetan azalduko dugu nola eskuratu dezakezuen urtemugaren harira egin dugun material guztia.
15 urteren ondoren, asko gara, eta gehiago izan nahi dugu.
Horregatik, eta beste 15 urterengatik, zuk ere hartu HITZA!