Metroaren igarobidearen "zentzugabekeria" salatzeko elkartu dira
Amarako Easo plazan ehundik gora lagun elkartu dira metroaren igarobidearen proiektua salatzeko. Zentzugabekeriak goia jo du! lelopean egin dute EH Bilduk antolaturiko elkarretaratzea. “Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu ez lizitatzeko Easo-Mirakontxa tartea eta gainkostuaren dirua lehentasun sozialetarako bideratzeko”, adierazi du Reyes Carrerek, udal taldeko bozeramaileak.
“Metroaren igarobidearen obra ez da inoiz izan donostiarron lehentasun bat, baina, orain, kutsatuak eta ospitalizazioak biderkatzen ari direnean, eta alarma egoera baten atarian gaudenean, proiektuak are zentzu gutxiago du”, gaineratu du Carrerek. Metroaren proiektua “orain gelditu” behar dela azpimarratu du EH Bilduko bozeramaileak: “Metroaren arduradun politikoei, Eneko Goia alkateari barne, eskatu nahi diegu zentzugabekeria hau alde batera uzteko, eta hurrengo hilabeteetan proiektu honetan xahutu nahi dituzten 40 edo 50 milioi euroak orain benetan behar diren egitasmoetan inbertitzea: osasun-langile gehiago, test gehiago, irakasle gehiago eta diru-laguntza gehiago okerren pasatzen ari diren sektore ekonomikoei”.