Donostia itxi egingo dute
Hiritik atera ahal izango da soilik lan, ikasketa, zaintza eta osasun arrazoiak justifikatuta. Gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira, eta herritarrek kalean ezingo dute ibili 23:00etatik 6:00ak arte.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri du Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiak itxi egingo dituztela. Dekretua bihar goizeko 6:00etan sartuko da indarrean, eta hamabost egunez izango da indarrean. Hala ere, sailburuak iragarri du egoera aztertzen joango direla.
Hori dela eta, herritarrek ezingo dute Donostiatik atera ezta hirira sartu ere. Salbuespena herri mugakideak izango dira, betiere “ohiko igarobidea” badira eta jarduera sozioekonomikoak egiteko bada. Kultur eta kirol emanaldiak, berriz, ez dira salbuespen horietan sartzen. Alegia, ezingo da udalerrian bertan ez den emanaldi batetara joan.
Elkartzeko aukera ere murriztu du jaurlaritzak. Gehienez, sei pertsona bildu ahalko dira, eremu publiko zein pribatuan. Era berean, herritarrak ezingo dira kalean izan gaueko 23:00etatik goizeko 6:00ak arte. Kasu honetan ere, hainbat kasutan kalean egoteko baimena izango da: botikak erosteko, erietxera joateko, albaitariarengana larrialdi batekin joateko, lanera joateko, etxera itzultzeko eta adinekoak, adingabeak edo mendekotasuna dutenak zaintzeko. Taberna eta jatetxeek ere 23:00etan itxi beharko dituzte.
Garraio publikoari dagokionez, azken irteerak gauerdian izango dira, besteak beste, lan egiten dutenek hara joateko eta etxera itzultzeko aukera hori izan dezaten. Oraindik zehazteke dago Dbusen eta Euskotrenen nolako neurriak hartuko dituzten.