Donostiak 100.000 biztanleko 500 kasu positiboen langa gainditu du, eta gune gorria da
Zehazki, azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 545ekoa da hirian. PCR probak kontuan hartuta, ostiralean 100 kasu berri atzeman ziren, larunbatean 72 eta igandean 62.
(Argazkia: Inaxio Esnaola) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri berri ditu ostiraletik igandera atzemandako koronabirus kasuak. Eneko Goiak duela ordu batzuk jakinarazi duen bezala, Donostiak 100.000 biztanleko 500 kasu positiboen langa gainditu du, eta gune gorria da. Horren ondorioz, gune gorri gisa izendatutako gainontzeko udalerrietan hartutako neurriak Donostian ere hartuko dituztela aurreikusi du udaleko koordinazio taldeak: “Ostalaritza 21:00etan ixtea eta kale eta gune publikoetan 21:00etatik aurrera egon ezin izatea”. Hala ere, Eusko Jaurlaritza bilduta dago zein neurri ezartzen diren erabakitzeko.
Zehazki, azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 545ekoa da hirian. PCR probak kontuan hartuta, ostiralean 100 kasu berri atzeman ziren, larunbatean 72 eta igandean 62. Itzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona berri gaixotu diren azkeneko 14 egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran, eta birusa zein abiaduratan zabaltzen den erakusten du. Zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Gaur iragarritako datuen arabera, Donostia ez ezik, asteburuan Gipuzkoa osoa sartu da gune gorrian.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Osasun eremu bakoitzeko intzidentzia metatuak kontuan hartuta, hiriko lau eremutan zifrak 500dik gorakoak dira: Intxaurrondo (755,14ko intzidentzia metatuarekin), Bidebieta (649,08ko intzidentzia metatuarekin), Gros (620,76ko intzidentzia metatuarekin), eta Egia (555,56ko intzidentzia metatuarekin). Gainontzeko osasun eremuetan, zifrak ondorengoak dira:
- Parte Zaharra: 463,45
- Ondarreta: 438,45
- Amara Berri: 435,50
- Amara-Erdialdea: 434,31
- Altza-Roteta: 422,09
- Loiola: 420,93
Atzo atzemandako positibo berri kopuruari dagokionez, jarraian ikus daiteke zifra:
- Gros: 8
- Ondarreta: 6
- Amara Berri: 5
- Egia: 6
- Amara-Erdialdea: 5
- Intxaurrondo: 7
- Parte Zaharra: 6
- Bidebieta: 2
- Altza-Roteta: 5
- Loiola: 2

