Donostiako Tokiko Produktuaren Eguna egingo dute ostiralean eta larunbatean
Donostia Sustapenak Tokiko Produktuaren Eguna antolatu du hilaren 30erako eta 31rako. Hiriko ekoizleei salmentan laguntzea du helburu. Hori dela eta, aurten ere online merkatua jarriko dute webgune honetan, eta produktuak erosi ahal izango dira.
“Salmentak sustatzeko aukera bat da hau, ziurgabetasun handia bizi dugun momentu honetan, baina, horrez gain, aurrerapauso bat da ere prozesuen digitalizazioari dagokionez, lehenago edo beranduago enpresa guztiek egin beharko baitute eraldaketa hori etorkizuneko merkatu birtualera egokitzeko, enpresaren tamaina edozein izanda ere”, azaldu du Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzi Marisol Garmendiak.
Banaketarako garraio jasangarria erabiliko du udalak, ibilgailu ez kutsatzaileak erabiltzen dituen Txita enpresaren eskutik. Horrez gain, Tokiko Produktuekin Konprometituta sariak ere emango dituzte. Sari hauen helburua da euren enpresa jardueran tokiko nekazaritzako elikagaiak hoberen integratzen dituzten hiriko ostalaritza establezimenduen eta saltokien aintzatespen publikoa egitea eta Donostiako inguruneko nekazaritzako elikagaien ekoizleen lana azpimarratzea.
Askotariko produktuak
Online merkatuan askotariko produktuak eskuratu ahal izango dira. Guztira, 26 ekoizleren produktuak eskainiko dituzte: barazkiak, ortuariak, esnekiak, gaztak, sagardoa, txakolina, txokolateak, haragiak, gozogintza eta tartak.
Erosketa prozesua erraza izango da. Erosleak erosi nahi dituen produktuak hautatu eta erosketa orgara gehitu beharko ditu. 20 eurora iristen bada edo zenbateko hori gainditzen badu, 6 euroko deskontua izango du amaierako tiketean. Deskontuaz gain, etxerako garraioa doan izango du. Kopuru hori baino bajuagokoentzat, erosketa jasotzeko hainbat aukera izango ditu: Txita enpresaren instalazioetara hurbildu (Atotxa Dorreko etxabeak, Duque de Mandas kalea 28, Donostia), gutxieneko gasturik gabe. Galkorrak ez diren produktuak Donostiatik kanpora bidaltzea eskatzeko aukera ere, baina kasu honetan bidalketa horren kostua eroslearen kontura izango da.
Beste jarduera bat ere egingo dute, hiriko hainbat ikastetxeetan. Izan ere, parte hartzen duten hiriko ikastetxeek urriaren 30ean, euren eskolako menua tokiko produktuekin esklusiban prestatuko da: Tokiko kalabaza krema, Ibon Labaienek prestatua bere Usurbilgo baratzeko kalabazekin; Lumagorri oilasko izter berdea letxugarekin, baserriko oilaskoa, euskal larreetan hazia, eta Batavia motako tokiko letxuga; eta tokiko jogurt naturala, Goenaga baserrikoa.