"Argi dago hobe dela 23:00etan ixteko aukera izatea, 21:00etan ixtea baino"
Eusko Jaurlaritzaren neurri berriek bete-betean kolpatu dute berriz ere ostalaritza. Besteak beste, barran ezingo da kontsumitu, tabernak eta jatetxeak 23:00etan itxi beharko dira astelehenetik igandera —jai egunak, barne—, eta jendeak are lehenago joan beharko du tabernatik etxeratze agindua betetzeko. Munto Berri tabernaren kasuan, lehenengo itxiera eguna nola dijoan ikusi nahi duela nabarmendu du Meli Loretegi langileak.
Nola eragin dizuete zuei neurri berriek?
Gaur goizean jaitsi dela nabaritu dugu, eta 23:00etako etxeratze behartuak eta itxierak ere eragingo digu, batik bat sukaldeari dagokionez. Gaur ezarritako ordutegian itxi beharko dugun lehenengo eguna eta ea nola moldatzen garen. Edozein kasutan, argi dago hobe dela 23:00etan ixteko aukera izatea, 21:00etan ixtea baino.
Zein zentzutan nabaritu duzue?
Eusko Jaurlaritzaren araudi berria dela eta, ezin da barran kontsumitu. Alegia, mahai batean eserita egon behar duzu zerbait hartzeko eta horretan eragin digu. Dena den, hau auzoko taberna bat da. Munto Berrik terrazan lan dezente egiten du. Oro har, lanean jarraitu du. Beraz, topatutako arazoak batik bat araudiari lotutakoak izan dira.
Beraz, neurriak neurri, ondo moldatzen ari zarete?
Bai.
Bezeroak etortzen jarraitzen dute?
Bai. Alegia, gutxiago etortzen ari dira, baina oro har etortzen jarraitzen dute. Gainera, futbol partidak telebistan ikusteko aukera eskaintzen dugu. Mahaiak ere erreserbatzen dira, eta zentzu horretan ez dago arazorik.