Amarako kaleko eraikin kaltetuetako bizilagunak Morlansera eramango dituzte
Udal langileentzako 30 etxebizitza eraiki ziren Amara kalean, pasa den mendearen erdialdean. Zehazki, 11., 13. eta 17. zenbakiak dira hiru eraikinak. Gaur egun, “egiturazko patologia larriak” dituztela azpimarratu du udalak, eta horrek arriskuan jartzen duela bizilagunen segurtasuna eta inguruan ibiltzen diren pertsonena. Hori dela eta, hiru eraikinetan bizi diren familiei Morlansen emango diete aldi baterako bizilekua. Udalaren asmoa Amara kaleko eraikinak eraistea da.
2020ko uztailaren 7an, udal gobernuak EAEko administrazioarekin 20 etxebizitza aldi baterako lagatzeko kontratua sinatzea onartu zuen, Amara kaleko etxebizitzetan dauden familien bizileku iragankorra izateko. Udalak kaltetuei beste toki batean bizitzen utziko diela bermatzen die, hil arte edo, hala badagokio, etxebizitza behar ez den arte. Horiek udalari ordainduko diote Amara kaleko etxebizitzetan bizitzeagatik orain arte ordaindu duten kopuru bera, eta zerbitzu eta horniduretan alta emateko gastuei eta etxebizitzek izan ditzaketen komunitate gastuei aurre egin beharko diete. Bestetik, udalak 500 euroko konpentsazioa emango die bizilagunei, eta 4.500 euroko gastua izango du guztira.
Bizilagun guztiak eta elkarteak ez daude ados
Noticias de Gipuzkoa egunkariak hainbat bizilagunen testigantza jaso du, eta udalaren erabakiaren batzuk ez daude ados. “Esan ziguten erortzeko zorian zeudela, eta horregatik bota behar zirela. Ordea, orain esan digute hondamen teknikoa dutela eraikinek. Hau da, garestiakoa da konpontzea eraistea baino. Beraz, ez dute segurtasun arazorik”, azaldu du Agustin Mendez bizilagunak. Udalaren eskaintza ez du onartu, eta Amaran bizitzen jarraitu nahi du. Mendezek gaineratu duenez, bizilagunek ez dute eraikinak eraistea gomendatzen duen txosten arkitektonikorik ikusi.
Bestalde, eraikin horietan auzoko bi elkarte daude: Amara Bai auzo elkartea eta Amara kirol elkartea. Udalaren presazko hustearekin ez daude ados, eta momentuz ez diete ordezko lokalik eskaini. Eneko Goia alkateak adierazi du dagoeneko bilera bat adostu duela Amara Bai elkartearekin.