Egiako argazki zaharren egutegia egin du Gordegiak
Gordegiak egindako egutegiek Egiako argazki zahar ugari dituzte, eta salgai daude dagoeneko. (Argazkia: Gordegia) Gordegia Egiako Artxibategi Grafikoak 2021. urteko egutegiak egin ditu, auzoko argazki zaharrak bilduta. Egutegiak askotariko argazkiak ditu: XIX. mendeko grabatuak, auzoko baserri zaharren argazkiak, XX. mendeko jaietakoak eta Espainiako Trantsizioaren garaiko protestenak, besteak beste. Auzoko jendea ere ageri da, hala nola, gaur egungo Eizmendi burdindegia Faustino sagardotegia zeneko argazki bat dago, eta Gregoria Zubillaga ageri da, Faustino Eizmendiren emaztea. Egutegiak salgai daude dagoeneko auzoko hainbat taberna eta dendatan, hamar euroren truk; Iparren, Koxkon, Ostotsan, Los Riojanosen, La Tabernan, Arkatzan eta Plottearten eros daitezke momentuz.
Karlos Trenor Gordegia artxibategiko kideak azaldu du auzoko giroa eta nortasuna sustatzea dela euren helburu nagusia, eta nabarmendu du asmo horrekin egin dutela egutegia. Gainera, azpimarratu du auzoko jendearekin elkarlanean osatu dutela, argazki asko Kutxateka artxibotik hartu badituzte ere, beste asko auzoko bizilagunek eman dizkietelako.
Egutegia ez da Gordegiaren lehenengo egitasmoa, izan ere, urrian bi bisita gidatu egin dituzte auzotik, Egiako historia ezagutzeko. Bietan arrakasta handia izan dela nabarmendu du Trenorrek, eta gehiago egiteko asmoa dutela adierazi du. Horretaz gain, iragarri du azaroaren 23an hitzaldi bat egingo dutela Egiatarrak zaharren egoitzan. Era berean, auzoko argazki zaharren erakusketa inauguratuko dute egun berean zaharren egoitzan bertan, eta gerora, erakusketa hori Egiako hainbat tabernatara eraman nahi dute.

