"Gure ikerketa egin behar izan dugu, Goiak eta Arriolak ez dutelako gardentasunez jokatu"
Metroaren igarobideko zati baten lanak gelditu ostean, EH Bilduk ikerketa bat abiatu zuen. Hilaren 16ean plazaratu zuten txostena, eta Eneko Goiari gezurretan aritzea egotzi zioten. Azpiegitura horretara diru gehiago bideratu ordez, alor sozialean inbertitzeko eskatu diote udal gobernuari.
Donostiako Metroaren Mirakontxa-Easo zatiak %100eko gainkostua izango duela azpimarratu duzue. Horren arabera, 100 milioi eurotik gorakoa izango litzateke gastua. Zein datu zehatzetan oinarritu zarete hori ondorioztatzeko?
Zubietako istripua gertatu ondoren, eta ETSk irailean zatia berriz lehiaketara ateratako zuela iragarri ostean, metroaren igarobidearen inguruko ikerketa bat abiatu genuen. Hori egiteko metroaren inguruko informazioa duten eragile eta norbanakoekin bildu ginen. Bilkura horietako batetik atera zen gainkostuaren datua. Zuzenean ETSrekin proiektu berria negoziatze lanetan dabiltzanen eskutik.
Zati horretako lanak egin aurretik, 105 zundaketa egin zirela dio Iñaki Arriola sailburuak. Zuek, ordea, zazpi direla azpimarratu duzue. Zergatik?
Arriolak 105 zundaketa egin zirela adierazten duenean, proiektu konstruktiboan dauden zundaketa guztiei buruz ari da. Zundaketa horien artean 1993. urtean egindakoak ere badaude, eta horietako beste asko 2010etik 2012ra egindakoak dira. Baina ez, igarobidearen lotura, beste proiektu batzuetarako egindako zundaketak dira: Cervantes plazako aparkalekua egiteko, San Martin merkatua egiteko, Morlansko beste obra batzuentzako…
Guk esaten duguna da, 2016tik hona soilik zazpi zundaketa egin direla orain egiten ari diren proiektu konstruktiboa aurrera eramateko; bakarra Kontxan eta bi Eason. Nahiz eta proiektu konstruktiboan bertan aipatzen den, informazio geoteknikoari dagokionez egon daitezkeen hutsuneak betetzeko, dagokion kanpaina geotekniko berri bat egin behar zutela.
Mirakontxa-Easo zatiko obran hondarra eta ura agertu izana “ezustekotzat” jo zuen Euskal Trenbide Sareak, eta aipaturiko zatiko lanak etetea erabaki zuten “arrazoi geologikoengatik” eta legea bete ahal izateko. Horren inguruan zer duzue esateko?
Ez dugu uste donostiarrentzat lur azpian ondarra eta ura agertzea ezustekoa zenik. Denek dakigu, eta aspaldiko irudiak begiratzea baino ez dugu, Donostia padura baten gainean eraikia dagoela. Beraz, ezustekoa denik ezin dugu sinetsi. Arazo geologikoak egongo dira, baina arazo horiek proiektua egin zenetik zeuden, ez da berria, ez da ezusteko bat. Kontua da, orduan ez zutela aurreikusi, ez behar zen txosten geoteknikoa egin, ez eta zegokion irtenbide teknologikoa aurreikusi.
Orain legea betetzeko eta aurkitutako arazo geologikoei aurre egiteko, aurreikusitako lanek ez dute balio eta berriek gainkostu handi bat dute. Hori ezin zitekeen hasiera-hasieratik aurreikusi? Ez ditugu emandako azalpenak sinesten. Benetan zer gertatu den, eta lanak bertan behera uzteko argudio eta txosten teknikoak ezagutu behar ditugu. Ondarra eta ura agertu dela, edozeinek esandako hitzak dira.
Zati horretako kontratua bertan behera uzteko txosten teknikoa ez duzue lortzerik izan. Zergatik?
Ez digutelako eman. Legebiltzarrean eskatu dugu, alkateari ere esan genion txosten hori balu gure esku jartzea eskertuko geniola, baina inork ez digu oraindik txostenik eman. Legebiltzarrean hori eskuratzeko galdera formala egin dugu, eta espero dugu hemendik gutxira eskuratzea. Aztertuko dugu eta ondorioak publiko egingo ditugu guk, EAJ-PSE-EEk ez badute horren berri eman nahi.
ETSk iragarri du Kontxa azpian egin beharreko zundaketa berriak tramitatzen ari dela. Horren inguruko informaziorik baduzue?
Ez, egia esan. Prentsa bidez jakin dugu, orain arteko ia informazio gehiena bezala. Behin eta berriz errepikatu izan dugun moduan, Goiak eta Arriolak ez dute metroaren igarobideari dagokion informazioa partekatzen.
Lur azpian metroaren zulaketan aritutako pare bat langilek lana uztea erabaki zuten segurtasun arrazoiengatik. Obra segurua dela uste duzue?
Ez. Argi dago ezetz, eta ekainean langileek eta sare sozialetan publiko egindako bideoa ikustea baino ez dago. Orduan langileek esan zuten, sartzen ari zen ur kopurua ez zela normala, baina ez zituzten lanak gelditu. Eta ez hori bakarrik, jakin badakigu bestelako istripuak egon direla lur azpian makinekin, kable elektrikoekin eta abar. ELAk salaketa ugari aukeztu ditu langileen lan-baldintzak salatzeko, eta horietako askotan salaketa irabazi du. Beraz, ez, obra hau ez da batere segurua.
Metroa egiteko zulaketek eragindako lur jausiek ziurgabetasun egoera sortzen dute?
Noski. Lanak kontrolpean ez dituztenaren adierazgarria da. Edozein lanetan egia da ezustekoak egoten direla, baina hau ezusteko bat baino gehiago da. Eskuetatik joan zaienaren itxura eman du. Langileek abisua eman zuten ura sartzen ari zela, baina lanekin jarraitzea erabaki zuten, eta azkenean Zubietakoa gertatu zen. Lur gainean horrelako zuloa egonik, lur azpian zer dagoen jakin nahiko genuke.
Eneko Goia alkateari metroaren obraren inguruko azalpenak eskatu dizkiozue udal batzordeetan, kalean eta hedabideetan. Zein izan da jaso duzuen erantzuna?
Ez dugu inongo erantzunik jaso. Batzordeetan hainbat konturi buruz galdetu genion: zundaketak, txostenak, lur mugimenduetan dabiltzan kamioien isunak, gainkostua… eta Eneko Goiak ez zigun erantzun bat bera ere eman. ETSren hitzak errepikatu eta defendatu zituen, eta udal gobernu honek duen ardura kendu zuen gainetik. Ardura guztia Eusko Jaurlaritza eta ETSren gain utzi zuen. Orain haien esku uzten du ardura, arazoak daudenean, baina proiektuari buruz hitz egiteko edo defenditzeko edo Tapia anderearekin argazkia ateratzeko, lehen lerroan jartzen zen. Orain zergatik ez? Zer du ezkutatzeko?
Zuk esan bezala, azalpenak Jaurlaritzari eskatzeko adierazi dute hainbatetan Goiak eta Marisol Garmendia sozialistak. Gasteizko legebiltzarrean ere EH Bilduk azalpenak eskatu ditu?
Bai. ETSk irailaren 25ean lanak bertan behera utziko zituela adierazi zuenetik, gaia hainbatetan eraman du EH Bilduk legebiltzarrera, eta hainbat informazio eskaera egin ditu. Hala ere, legebiltzarrean informazio eta erantzukizunak eskatu ditugun eta eskatzen jarraituko dugun moduan, Donostiako Udalean ere azalpenak eskatuko ditugu. Donostiako Udal Gobernuak lan honen zuzeneko ardura ere baitu.
Goiak zuen ikerketari sinesgarritasuna kendu dio, eta zuen alderdiak metroarekiko duen “kontrakotasuna” salatu du. Zer iruditzen zaizue?
Bere ardurak saihesteko erabili du argudioa. Gure ikerketa egin behar izan dugu, Goiak eta Arriolak ez dutelako gardentasunez jokatu. Informazioa ezkutatzen ibili dira etengabe. Guk publikoki kontatu dugu dakigun guztia, proiektuarekiko ditugun zalantza guztiak eta horri sinesgarritasuna kendu nahian ibili da. Argudio erraza da gu metroaren aurka gaudela esatea, baina gu ez gaude metroaren aurka. EH Bilduk aspaldi defendatu zituen Altza-Pasaia-Galtzarabordako metroaren lanak. Lehentasun kontua da, eta Easotik Kontxara metroaren igarobide bat eraikitzea ez da lehentasuna guretzat, eta ausartuko nintzateke esatera, ezta donostiar askorentzat ere.
Bilboko metroarekin alderatu du alkateak Donostiako igarobidearen proiektua. EH Bilduk Bilboko 5. metro linea “exijitu” duen bitartean, Donostiako “topoa” egitea “baztertzen” duela nabarmendu du. Zer duzue esateko?
Hasteko, bi proiektuak ezin dira alderatu. Bestalde, EH Bildu Bizkaian ez da 5. linea bultzatzen ari, 2018an alternatiba bat aurkeztu zuen. Eta, esan bezala, gu topoaren alde egon gara eta gaude. Errentagarritasun sozialeko proiektuetan inbertitzearen alde gaude, eta ez diru publikoan xahutzearen alde; hala nola Altza-Pasaia-Galtzarabordaren alde gaude; Euskotrenen bikoizketaren alde Zarautz-Irun zatian; lurperatzearen alde Pasaian; RENFE-Euskotren interkanbiadorearen alde Loiolako Erriberan. Metroaren igarobideak ez du ez hanka ez bururik. Ez da beharrezkoa.
Metroaren afera kalera atera duzue. Easo plazan elkarretaratzea egin zenuten Zentzugabekeriak goia jo du! lelopean. Metrora bideratuko den dirua alor sozialerako izatea eskatu duzue.
Bai. Kalera ateratzeko momentua zela ere pentsatu genuen, herritarrekin batera eskaera egiteko. Egun pandemiak egoera zail batean utzi gaitu, eta zerbait erakutsi badigu da, lehentasunak daudela, eta momentu honetan lehentasunak beste batzuk direla; osasungintza, hezkuntza eta zaintza. Orain horietan inbertitzeko momentua da, eta ez igarobidea gisako azpiegituratan. Bertan inbertitu nahi dituzten 50 milioi horiek, beste lehentasun batzuetan erabili behar dira. Gero ezin da murrizketekin etorri garrantzitsuak diren alor sozial horietan.
Arriola sailburuak eta ETSk adierazi dute obra bukatu arte jarraituko dutela. Azpiegituraren eraikuntza gelditzeko beste mobilizaziorik egiteko asmorik duzue?
Azaroaren 14ean Satorralaiak deitutako manifestazioarekin bat egingo dugu, egungo osasun egoerak hori bermatuko baluke, noski. Arriolak, ETSk eta Goiak kosta hala kosta egin nahi dute metroaren igarobidea, eta argi dago, behar den kostuari aurre egingo diotela hori horrela izateko. Zer interes dituzte benetan? Zer gertatu da proiektu honekin? Zergatik geratu da bertan behera uzteko kontratua? Zenbat kostatuko zaigu herritarroi proiektu honek? Egia aldarrikatzen jarraituko dugu, ardura politikoak eskatzen eta oraingoz, bertan gastatu nahi duten dirua beste lehentasun sozialetarako bideratu dezatela exijitzen.