San Sebastian egunean jarduera sinbolikoak egiteko aukera aztertuko da
Danborrada ezingo da ohiko moduan ospatu. Helduen Danborradako Ordezkarien Batzordearekin eta haur danborradaren ordezkaritza batekin lan ildo bat ezarriko da bestelako jarduera batzuk egiteko aukera aztertzeko.
Donostia Festak-ek helduen danborradei jakinarazi die COVID-19ari loturiko azken neurriak direla eta, San Sebastian eguna eta danborrada ezingo dela ohiko moduan ospatu. Bide publikoan zein espazio itxietan sei pertsonako muga ezarri da, eta musika eta ikuskizun ibiltariak egitea debekatuta dago. Danborrada egunean pertsona talde ugarik parte hartzen dute, desfile publikoa egiten da musikarekin, danborradak jai izaera du, eta ikusleak daude. Gainera, jaia prestatzeko ekitaldiak ere ezingo dira egin, entsegu saioak ere aipatzen baitira neurrietan.
Egungo araudiak indarrean jarraitzen badu, ezinezkoa izango da danborradarik egin. Beraz, ohiko ospakizuna bertan behera utzi dute. Ordea, jarduera sinbolikoak egiteko aukera aztertuko da, eta, horretarako, helduen danborradako eta haur danborradako ordezkaritza batekin lan ildo bat ezarriko da. Bideragarriak izan daitezkeen ideiak aurkeztu daitezke, azaroaren 12a arte.
Honako aukerak ere kontuan hartzea erabaki da: San Sebastian egunerako danborradaren ospakizuna berreskuratzea, osasun baldintzek eta legezkotasunak hala ahalbidetzen badute. Eta 2021eko egutegiko beste egun batean egitea, pandemiaren bilakaerak ahalbidetzen badu.