Jone Laspiur aktore donostiarra 'La Resistencia' saioan izan da
Jone Laspiur (Intxaurrondo, 1995) aktore donostiarra David Broncano umoristaren La Resistencia telebista saioan izan zen atzo, ostegunean, Ane (David Perez Sañudo, 2020) filma aurkezten. Filmaz hitz egiteaz gain, Broncanok Euskal Herriko zinemari eta Donostiari buruz galdetu zion Laspiurri, eta, besteak beste, Urumea ibaiaren inguruan hitz egin zuten, modu umoretsuan. Euskara ere presente egon zen elkarrizketaren une batean, umorista andaluziarrak esaldi bat euskaraz esateko eskatu baitzion donostiarrari.
Laspiur Zinemaldian izan zen irailean, Akelarre (Pablo Aguero, 2020) eta Ane filmetan parte hartu baitu, baita Alardea (David Perez Sañudo, 2020) telesailean ere. Hain justu, hedabide honek elkarrizketa egin zion Zinemaldiaren ondoren, eta jaialdian parte hartu izana ohore handia zela adierazi zuen. Bestalde, Laspiur Euskaraldia sustatzen aritu da azkenaldian, Donostiako Euskaraldiaren aurkezpenean parte hartu baitzuen, baita publikoki izena eman ere.