"Sukaldari izatea duindu egin da"
Txikitatik argi izan du Aizpea Oihanederrek (Antigua, 1975) sukaldaria izan nahi zuela. Amaren ondoan etxeko sukaldean aritzen zenetik, ibilbide luze zein oparoa egin du: 25 urte daramatza Xarma jatetxean eta telebistan ere aritu da. Bere ibilbidea errepasatu dugu, baita emakumeek sukaldaritzan duten rolaren inguruan hausnartu ere.
Zein da ostalaritzaren munduan egin duzun ibilbidea?
Nik argi neukan txikitatik sukaldaria izan nahi nuela, eta oinarrizko ikasketak egin ondoren, Donostiako Ostalaritza Eskolan sartu nintzen. Neure burua ondo hezi nahi nuen. Udatan, Mallorkan eta Kanaria uharteetan izan nintzen. Horrela hasi nintzen, eta lotu nintzen. 15 urte ditudanetik sukalde baten barruan egon naiz.
Noiz ireki zenuten Xarma jatetxea?
2008an ireki genuen Antiguan, baina hamar urte eta gero pentsatu genuen proiektu hori agortuta zegoela, eta kontzeptua aldatu nahi genuen, askatasun gehiago izateko. Groseko lokal hau aurkitzea oso polita izan da. Oso ondo definitzen du zer garen.
Zer da Xarma?
Beti nahi izan dugu bezeroarekin xarma duen harremana izatea, ez leku hotz bat. Bezeroarekin gertuko harremana izan nahi dugu, gertatzen ari dena gozatzeko.
Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Egon naizen leku bakoitzean eduki ditut erreferenteak, izarrekin edo izarrik gabe.
Eta, etxean?
Nire ama. Ez zen profesionala, etxeko sukaldaria zen, eta txikia nintzenean beti nengoen berekin sukaldean sartuta. Nik uste dut hor hasi zela dena.
Zer da emakume izatea sukaldaritzaren munduan?
Orain dela 30 urteko eta oraingo egoera ezin dira alderatu. Lehen, gutxiago ginen. Adibidez, ostalaritza eskolan 30 ikasleko klasean bost neska ginen. Lanbide moduan ez zegoen aitortua: ikasketak ez zituena sartzen zen sukaldari. Eta nik uste dut hori asko aldatu dela. Gaur egun, sukaldari izatea duindu egin da, asko aldatu da ogibide gisa, beste guztiek egin duten lanarengatik. Berasategi eta Arzaken moduko sukaldari askoren ondorioz dago lanbide hau dagoen tokian.
Euskal sukaldaritzan lehen lerroan gizonak daude. Emakumeek zailtasun gehiago izan dituzue hor egoteko?
Gizartearen ondorioa da. Sukaldari horien etxeetan amak zeuden sukaldean. Gure gizartea horrela hazi da, baina ez sukaldaritzan bakarrik: beste lanbide askotan. Hemendik hamar urtera galdera hori ez dugu egingo. Oso barneratua egongo da gure gizartean.
Oraindik gizarteak ez du barneratu?
Bai, barneratu du. Gauza asko daude aldatzeko, lana dago egiteko. Baina aldatzen ari da gutxinaka-gutxinaka.
Sukaldea orokorrean ezkutuan egoten da. Nola atera daiteke sukaldea plazara? Telebistaren bidez, adibidez?
Nik oso esperientzia ona izan nuen telebistan. Oso interesgarria eta aberasgarria izan zen: asko ikasi nuen neure burua jendearen aurrean erakusten.
Sukaldari batek bere desirak asetzen ditu negozio propioa edukita?
Momentu honetan zaila da negozio bat izatea. Xabik [Xabier Diez Ezteibar] eta biok 25 urte daramatzagu elkarrekin kozinatzen. Biok berdin pentsatzen dugu, sormena elkarrekin lantzen dugu, eta guretzat oso garrantzitsua zen gure askatasunerako gure sukalde mota egitea. Extremaduran (Espainia) hasi ginen 22 urterekin, eta zoragarria izan zen sormenerako. Baina zaila da, enpresari izaten ikasi behar duzulako, sukaldean aritzea da errazena. Egunero ikasten dugu zerbait.
Xabirekin zabiltza lanean aspalditik.
Hori nabarmentzea garrantzitsua iruditzen zait. Bi gara, baina askotan nik ematen dut aurpegia.
Garai batean, gizona egoten zen barran, eta emakumea sukaldean. Hori gertatzen zaizue?
Gure kasuan, ez. Beti izan gara sukaldariak biak, azken urtean ni jarri naiz barran, jendearen aurrean. Nik ematen dut irudia, eta harreman publikoak lantzen ditut. Hona etortzen den %90a ezagutzen dut, eta asko gustatzen zait hori. Asko aberasten nau pertsona gisa. Tandem perfektua egiten dugu.
Jatetxeen barruan badaude botere-harremanak?
Gure kasuan, ez. Oso argi izan ditugu gauzak hasieratik. Gainera, alaba bat daukagu, orain dela hamar urte banandu ginen, eta elkarrekin jarraitzen dugu lanean. Hori oso barneratua daukagu. Bakoitzak badaki zein den bere lana. Ikasi behar da lan hori kudeatzen, eta oreka batean bizitzen.
Jendea gozatzen dagoen unean dagokizue lan egitea. Zaila da hori bizitza pertsonalarekin uztartzea?
Zaila da, baina bi garenez ondo antolatu gara. Astean zehar, adibidez, biotako bat gauetan ez da etortzen alabarekin egoteko, eta txandakatu egiten gara. Niri kristoren lasaitasuna ematen dit jakiteak nire alaba edo jatetxea Xabirekin daudela.
Lasaitasun horretarako aukera negozio propioak ematen du?
Bai. Eta bi izateak. Bi jatetxe desberdinetan arituko bagina, oso zaila izango genuke haurrarekin moldatzea.
Zaila da familia bat osatzea zuen lanbidean?
Bai. Baina bakoitzak jakin behar du zeri ematen dion garrantzia. Nik, adibidez, garrantzi handia ematen diot alaba bere aitarekin egoteari.
Zeintzuk dira zure etorkizuneko erronkak?
Profesionalki, gauza asko geratzen zaizkit egiteko. Xarmaren proiektua oraindik ez da bukatu: asko dugu egiteko, gozatzeko… Pertsonalki, bizitzeko denbora behar dut.
Baduzue denbora aisiarako?
Oso gutxi, aspalditik. Hala da, baina nire bizitza asko gustatzen zait.
Emakume sukaldariek merezi duzue aitortza?
Gastroanderekoekin hitz egin genuenean, ikusi nuen garrantzitsua dela amona eta emakume horien errezetak ez galtzea. Gizon horien oinarria da, baina lana egin behar dugu errezeta horiek ez galtzeko. Haiek aitortza behar dute: niretzat oso garrantzitsua da emakume horien sukaldea, eta haiei aitortza egitea.