Uliako eta Antiguako udal aterpetxeak pribatizatu nahi dituztela salatu dute
Udaleko Langileen Batzordeak ohartarazi du Donostiako Udalak aterpetxeen inguruko txosten bat eskatu duela, azken urteetako balantze ekonomikoa eta plantillaren egoera ezagutzeko. Udaleko iturriek diote zerbitzuen pribatizazioa ez dagoela mahai gainean.
Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, Donostiako Udalak hainbat neurri hartu ditu aurrekontuak eta udal antolaketa egokitzeko. Ildo horretatik, Uliako eta Antiguako Ondarreta-La Sirena udal gazte aterpetxeak pribatizazio arriskuan daudela jakinarazi du Udaleko Langileen Batzordeak. Bi aterpetxeetako langileak antolatzen hasi dira pribatizazioaren kontra egiteko.
Langile Batzordearen arabera, «ez da berria» gazte aterpetxeen zuzeneko kudeaketa publikoa «bertan behera uzteko plangintza» egiteko aukera. Egiaztatu ahal izan dutenez, udalak zerbitzuen azken urteetako balantze ekonomikoari eta aterpetxeetako plantillaren egoerari buruzko datuak eskatu ditu. Horrek zerbitzua pribatizatzeko aukera «frogatzen» duela dio Langile Batzordeak. Udaleko Pertsonentzako zerbitzuen batzorde batean gaiaz galdetuta, Duñike Agirrezabalaga zinegotziak adierazi zuen ez zegoela martxan inongo pribatizazio asmorik. «Sustapena egiten ari zen aterpetxeen inguruko txosten baten esperoan zeudela adierazi zuen, eta bere ardura kudeaketa zela, udal zerbitzu publikoen aldeko edo kontrako iritzia ematea baino», azaldu dute.
Hedabide hau udalarekin jarri da harremanetan, eta Agirrezabalagak berak ukatu egin du udal aterpetxeak pribatizatzeko aukera. «Aste honetan bildu gara aterpetxeetako langileekin, eta jakinarazi diegu ez dugula erabakirik hartu gai honen inguruan. Soilik txosten bat eskatu dugula adierazi diegu, besterik ez», azaldu du.