Udalak Miguel Francisco Martin Gonzalez ETAren biktimaren omenezko plaka jarri du Bidebietan
Asteartean iragarri zuten moduan, udalak Miguel Francisco Martin Gonzalez Polizia Armatuko sarjentuaren omenezko plaka jartzeko ekitaldi xumea egin du Bidebietan larunbat goizean. Zumardi pasealekuaren sarreran jarri dute oroigarria, eta udal taldeetako ordezkariak izan dira ekitaldian. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, Gonzalezen alarguna ezin izan da ekitaldian izan, oso heldua delako eta Donostiatik kanpo bizi delako, baina berak hala eskatuta, AVT (Asociacion de Victimas del Terrorismo) elkartea izan da familiaren ordezkaria.
ETAk 1978ko ekainaren 27an hil zuen Gonzalez, autoarekin patruilatzen ari zen bitartean, Zumardi pasealekuaren hasieran ibilgailua tirokatu zutenean. Autoan beste hiru polizia zeuden, eta zaurituak izan ziren. Gonzalezek 41 urte zituen. Goiak nabarmendu du Bidebietan jarritako plaka elkarbizitzarako beste pauso bat dela: “Beste urrats bat da gure hirian terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak herriaren oroimenean iraunaraztea eta haiei buruz egia kontatu, justizia egin eta ordain morala nahiz duintasuna emateko eskubidea zaintzeko bidean”.
Donostiako Udalak pasa den legealdian abiatu zuen gune publikoan indarkeriaren biktimak omentzeko egitasmoa. Larunbatean jarri dutena zortzigarren plaka da, eta, guztira, 128 biktima omentzea aurreikusten du udalak. Orain arte omendutakoak hauek dira: Juan Maria Araluce, Jose Maria Elizegi Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez eta Begoña Urroz Ibarrola. Azken hori DRIL taldeak erail zuen, gainontzekoak, aldiz, ETAk. Era berean, udalak gogoratu du joan den legealdian Mikel Zabalza (Guardia Zibilak atxilotu ondoren, Bidasoa ibaian agertu zen, tortura zantzuekin eta hilda) eta Angel Portugal (bihotzekoak jota zendu zen, kale borrokaren ekintza bat jasaten ari zenean) autobus gidarien omenezko plakak jarri zituztela Dbusen egoitzan eta ETAk hildako Alfonso Morcillo Udaltzaingoaren sarjentuaren eta Batallon Vasco Españolek hildako Tomas Alba Herri Batasunako zinegotziaren omenezko ekitaldiak egin zituztela udaletxean.
Plaken dinamikaren berrikuspena
Urrozen ekitaldiaren ondoren, EH Bilduk eskatu zuen indarkeriaren biktimen omenezko plakak jartzeko dinamika berrikusteko: “Indarkeria-mota guztien biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen errespetutik, EH Bilduk uste du, zintzoki, dinamika hau bere osotasunean berrikusi behar dela”. Izan ere, udal taldearen ustez, biktima guztiekin ez da egin horrelako dinamika batek eskatzen duen lan diskretua, eta udal gobernuak EH Bildu prozesutik kanpo utzi duela salatu zuen.