107 urteko Zubieta kaleko bizilagun bat omendu dute Udal Txistulariek San Martin Egunean
Gaur, azaroak 11a, San Martin eguna da. San Martin auzo historikoko hainbat dendari auzoaren izena eta tradizioak berreskuratzeko lanean ari dira, eta hori dela eta, jarduera bat edo beste antolatu dute gaurko egunean. Ondorioz, Donostiako Udalaren Txistularien Taldearen ordezkari batzuk San Martin auzo historikoa musikaz betetzen aritu dira. Auzoko hainbat danborradatako egoitzen aurrean jo dute, hala nola Ondar Gain elkartea eta Anastasio jatetxea. Era berean, omenaldi berezi bat egin dute. Izan ere, Zubieta kalean bizi da Teresa Aguilar Otermin 107 urteko bizilaguna, eta Raimundo Sarriegiren Atso Zalditeriaren Konpartsa eskaini diote. Aguilar Madrilen jaio zen 1913ko urriaren 23an. Donostiara uda igarotzera etortzen zen, eta hirian ezagutu zuen senarra. 10 seme-alaba izan zituzten, guzti-guztiak oraindik ere bizirik daudenak, eta hogeinaka biloba eta birbiloba ditu. Egunero bitan paseatzera ateratzen da. Gaur bere alaba Charorekin atera da, eta biek gozatu dute piezaz.