Kalitatezko osasungintza publikoa aldarrikatu dute ospitaleko langileek
Pandemia dela eta, Osakidetzako langileak leher eginda daude, eta, horregatik, elkarretaratze jendetsua egin dute Donostiako ospitaleko atean. Kalitatezko osasungintza publiko baten alde mobilizatu dira, eta greba egingo dute bihar, hilaren 12an, Bizkaian. Izan ere, duela bi aste Araban egin zuten greba eta joan den astean Gipuzkoan. ELA, LAB, CCOO, UGT eta SATSE sindikatuetako kideek hartu dute parte elkarretaratzean
Langileek salatu dute Osakidetzak ez duela sindikatuekin hitz egiteko asmorik agertu, eta bizi duten egoera benetan larria dela nabarmendu dute. Hain justu, hedabide honek Lourdes Barragan zeladore eta LAB sindikatuko kidearekin hitz egin du, eta salatu du langileak “lanez gainezka” eta “neka-neka” eginda daudela: “Egutegi aldaketa ugari ditugu eta ez dugu ia jaiegunik”, adierazi du. Era berean, arazoa “egiturazkoa” dela nabarmendu du, eta gizarte osoak borrokatzea beharrezkoa dela esan du.
Bestalde, 13:00etan lehen arretako osasun zentroetan egingo dute protesta sindikatuek. Horretaz gain, herritarrek hainbat auzotako anbulatorioetan egingo dituzte elkarretaratzeak, gaur arratsaldean.