Realak 2020ko bazkide kuotaren erdia itzultzeari ekingo dio
Ekainean 2020ko kuotaren %20 itzuli ondoren, Realak beste %50 itzuliko die bazkideei orain; horrela, 2020ko kuotaren %70 itzuliko die guztira. Gogoratu behar da 2019/2020 denboraldiko lehenengo herenean oraindik jendea joan zitekeela Anoetara, beraz, pandemiarengatik zalerik gabe jokatu den denboraldiko zatiari dagokion diru kopurua itzuliko du klubak.
Zatikako ordainketa egiten duten bazkideei ez die eragingo neurri honek, ez zaielako ezer kobratu azken hilabeteotan. Urteko ordainketa egiten dutenei, aldiz, gutun bat bidaliko diete datozen egunetan, itzulketa egiteko bi aukera eskainiz: itzulketari dagokion diru kopurua 2021eko kuotatik deskontatzea edo dirua zuzenean kontu korrontean sartzea. Bazkideek ez badute abenduaren 10a baino lehen erantzuten, klubak lehenengo aukera erabiliko du. Bigarren aukera nahi izanez gero, Realaren webguneko inprimakia bete beharko da edo 943-46 28 33 telefono zenbakira deitu.
Realak klubaren egoera ekonomikoaren berri eman zuen urrian, eta orduan azaldu zuen bazkideen kuotaren inguruan zuen asmoa: 2020ko kuotaren %70 itzuliko dute, eta 2021eko kuota kobratu egingo dute, Jokin Aperribai presidentearen arabera, “klubak funtzionatzen jarraitu behar duelako”. Hala ere, presidenteak nabarmendu zuen “unean uneko egoeraren arabera hartu beharreko erabakiak” hartuko dituztela.