Datorren astean irekiko dute Txomiñeneko babes ofizialeko etxebizitza kooperatiboetan izena emateko epea
Donostiako Udalak urrian onartu zuen Txomiñenen babes ofizialeko 109 etxebizitza eraikitzea, eta Bizikide kooperatibak etxebizitza horietan bizitzeko eskaerak egiteko epea irekiko du astelehenean. Abenduaren 18ra arte izango da zabalik izen-emate epea, eta etxebizitza horietako bat eskuratzeko hainbat baldintza bete beharko dira, hala nola, beste etxebizitza baten jabetza ez izatea eta urtean 39.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak izatea. Bizikide Eusko Jaurlaritzaren kooperatiba bat da, eta etxebizitza kooperatiboen formula Txomiñenen probatuko dute estreinakoz.
Etxebizitza kooperatiboen jabetza Bizikiderena izango da, baina maizterrei 75 urteko lagapena egingo die. Maizterrek hilabetero kuota jakin bat ordainduko dute, etxebizitzetako lanen maileguaren amortizazioa, mantenua eta komunitate gastuak ordaintzeko. Bizikideren arabera, alokairuaren eta jabetzaren arteko formula da etxebizitza kooperatiboena.