"Ariguneak hemen geratuko dira"
Euskaraldiak aurrera egitea lortu du, zailtasunak zailtasun. Donostian 2.000tik gora entitatek eman dute izena arigune gisa. Norbanakoen kopurua, berriz, duela bi urtekoaren parekoa izango dela uste dute Edurne Otamendik eta Maddi Juanikorenak.
Aurtengo Euskaraldian zeintzuk dira Donostiaren erronkak?
Edurne Otamendi (E.O.): Hasierako erronka izan da entitate kopuru garrantzitsu bat arigune gisa aktibatzea, eta dinamika honetan sartzea. Orain, norbanakoen izen-ematearekin gabiltza. Ordea, esan bezala, erronka izan da erreferenteak diren entitateak erakartzea, eta esango nuke neurri handi batean lortu dela. Esaterako, Reala, Kursaala, Tabakalera eta Musika Hamabostaldia ariguneak izango dira. Garrantzitsuak dira erreferente direlako gurean.
Maddi Juanikorena (M.J.): Dimentsio handia zuten entitateak erakarri ondoren, ikusi genuen auzoetan ere entitateak mugitzen zirela, eta hiri mailan hutsune handia zegoela. Azken txanpan, uda bukaeran eta irailean, ahalegin berezia egin genuen auzoetako entitate txikiak, establezimenduak eta elkarteak erakartzeko. Balantza orekatzea lortu dugula uste dut.
E.O.: Asmoa hori zen, handiak erakartzea txikiak ere gurera biltzeko. Oreka hori lortu dugu, urte zaila tokatu arren.
2018ko Euskaraldiarekin alderatuta zertan izango da desberdina?
M.J.: Aurreko Euskaraldian, entitateekin landu genuen figura sustatzaileena izan zen. Entitateen egiteko bakarra Euskaraldia sustatzea zen, eta bere kideak parte hartzera animatzea. Oraingoan, entitateei pauso bat emateko eskatu zaie. Euskaraldian izena eman eta talde gisa ariketa egin beharko dute. Konpromisoa areagotu dute entitateek.
E.O.: Lanketa zein hausnarketa sakonagoa eta konpromiso maila handiagoa ekarri du egindako ariketak.
Nolakoa izan da lanketa hori?
M.J.: Askotarikoa. Batzuk beraien kabuz etorri dira guregana, eta beste batzuen atzetik ibili behar izan gara. Asmoa zen ahalik eta era autonomoenean baliabideak eskainita entitateak izan zitezela gai prozesua beraien kabuz egiteko. Laguntzak emateko baldintzak ez ziren errazenak, modu presentzialean aritzeko aukerarik izan ez dugulako.
Donostian arigune asko daude?
M.J.: 2.000 arigune inguruk eman dute izena. Iruditzen zait kopuru esanguratsu batera iritsi garela geunden baldintzak aintzat hartuta. Arigune kopurua ikusita, asko direla pentsa daiteke, baina egia da ere askoz gehiago daudela.
E.O.: Esan behar dena da ariguneak askotarikoak direla. Batzuk kanpo ariguneak dira, eta pertsona bakar batek edo kolektibo batek osatzen dute. Barne ariguneak ere badaude. Esaterako, erakunde batek bere baitan arigune bat baino gehiago izan ditzake, eta horrela gertatu da Donostian.
M.J.: Azaroaren 30etik aurrera ikusiko da ariguneak zer diren, zertarako balio duten eta zertarako sortu diren. Ariguneak hemen geratuko dira. Hizkuntza ohituren aldaketan lagunduko dutela uste dugu.
Euskaraldiari nola eragingo dio pandemia egoerak?
E.O.: Eragin handia izango du. Bizi dugun egoera ikusita, saiatu gara transmititzen Euskaraldia hizkuntza erabiltzeko ariketa bat dela. Aurrez aurre egin daiteke edo beste hainbat modutara. Adibidez, modu telematikoan ariketa egin daiteke. Hori horrela da teorian, baina badakigu praktikan zailagoa dela hori lortzea.
M.J.: Egoera ikusita, azpimarratuko nuke ahobizien eta belarripresten garrantzia. Beraiek egiten dute ariketa praktikoa. Batzuek ariguneetan eta entitateetan egingo dute, eta horietatik kanpo gainerakoek. Norbanakoen ariketa horrek du pisu handiena. Izango ditugun harreman mugatuetan beraiek dira protagonistak.
Ikusgarritasuna faltako zaio aurtengo Euskaraldiari?
M.J.: Gure espazio naturala kalea da, gu kalean trebatzen gara, eta kalean ematen diegu ikusgarritasuna ekintza sozialei. Orduan, hori da faltako zaiguna. Euskaraldiak bere parte eta esentzia handienetako bat galduko du. Ere izan da hautu bat jarraipena ematea eta eustea. Eta batez ere egokitzea.
E.O.: Beharra ere badago Euskaraldiarekin aurrera egiteko. Egoera honek ere ezarri ditu mugak euskararen erabileran, eta nik uste dut beharrezkoa zela aurrera egitea Euskaraldiarekin. Maila apalagoan bada ere, egingo da.
‘Ahobizi’ eta ‘belarriprest’ kopuruari dagokionez, duela bi urteko datuak errepikatu ahal izango da?
E.O.: Ontzat emango genuke duela bi urteko datuetara iristen bagara. Badakigu adin tarte guztietako pertsonek ez dutela berdin parte hartzeko aukerarik izango. Adibidez, adinekoek.
M.J.: Online bidezko izen-ematea nabarmen igo da. Aldiz, kultur etxeetan gutxi ari dira izena ematen, dauden baldintzengatik. Horregatik kalera atera gara asteburuetan, eta mahaiak jarri ditugu zailtasunak dituztenei parte hartzeko aukera emateko. Bestalde, bada azpimarratzeko gauza bat. Parte hartzea nabarmen hazi da duela bi urte parte hartu ez zuten kopuruarekin alderatuta. Pozgarria da hori. Bagenekien 2018an izena eman zutenei kostako zitzaiela berriz izena ematea, askok pentsatzen dutelako dagoeneko izena eman zutenez ez zutela berriro ere egin behar. Horrekin batera, askok uste dute arigune bateko kide izanda ez dela izena eman behar.
E.O.: Hori da gertatu den gauzetako bat. Arigune bateko kide izan arren, Euskaraldian norbanako gisa izena eman behar da. Hori ez du ulertu jendeak, eta azken asteetan hori lantzen ari gara.
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte, Donostiako zein jarduera nabarmenduko zenituzkete?
M.J.: Auzoetan egitarau zabalak daude, eta moldatu behar izan dira. Aztertzen ari dira jarduera batzuk era telematikoan egin daitezkeen. Dena dela, auzoetako egitarauak nabarmenduko nituzke.
E.O.: Duela bi urteko jarduerekin alderatuta, kultur ekitaldi gehiago antolatu dira egungo egoerarengatik. Momentuz aurrera doaz, eta nahiz eta dena ezingo den egin, programatu den gehiena egiten saiatuko gara.
Euskararen normalizaziorako baliagarria da Euskaraldia, baina ez da normala gaur egungo egoera. Beraz, euskarak erronka bikoitza du?
E.O.: Argi dago, bizi dugun egoera zaila dela. Horregatik, nabarmendu behar dugu Euskaraldian parte hartuko dutenek benetako gogoa dutela, zailtasun guztien gainetik.
M.J.: Nik nabaritzen dut jendearengan motibazioa dagoela. Kalean ikusi dut. Parte hartzaileek Euskaraldiari ikusgarritasuna emateko gogoa dute. Gaur egungo egoera zail eta tristeari bultzada emango diote.