"Ea iristen diren laguntza horiek, ahalik eta azkarren, behar ditugulako"
Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak elkarretaratze eta manifestazio jendetsua egin du gaur eguerdian.
Donostiako Udaletxearen parean elkartu dira, eta ondoren udaletxea bera inguratu dute manifestazio baten bidez, eta segurtasun distantziak errespetatuz. “Ea iristen diren laguntza horiek, ahalik eta azkarren, behar ditugulako”, azaldu du Cubi tabernako Garazi Otaegik. Hain zuzen ere, protesta egin aurretik jakin dute Donostiako Udalak laguntza zuzenak iragarri dituela, gaur bertan.
“Laguntzak behar ditugu aurrera egiteko, bestela ezinezkoa da egoera jasatea. Ez gaude lanean, eta gastu asko ditugu”, gaineratu du Otaegik. Horrekin batera, adierazi dute udalak iragarritako laguntzak “berandu” datozela. “Askok negozioa itxi dute. Gainerako guztiek ezin dute pertsiana altxa azaroaren 7tik. Laguntza ez badira garaiz iristen ostalariengana, horietako batzuk bidean geratuko dira”, azaldu du Hamabost tabernako kide batek. “Eskatzen duguna da udalak zergak orain ez ezik, gerora irekitzeko aukera dugunean ere ordaindu beharrekoa gutxiago izatea”.