San Martin auzoko San Martin festak
Lau eguneko festak izan ohi ziren, eta azaroaren 11a, San Martin Eguna, izan ohi zen egun handiena. Auzoan Odolkiaren Eguna izenarekin zen ezaguna, tabernariek odolkia banatzen zutelako. 1985ean ospatu zuten azken aldiz. Tradizioa berreskuratu nahian dabiltza.
Koldo Elizegi San Martin auzoan jaio eta bizi zen, eta 80ko hamarkadan lauzpabost urtez aritu zen auzoko festak antolatzen bere kuadrillarekin. «Lehen, Anastasio elkartean elkartzen zen talde batek antolatzen zituen festak. Une batetik aurrera, guk Olentzeroren etorrera-eta antolatzen genituenez, lekukoa hartu genuen», kontatu du.
San Martin auzoa Aldapeta kaletik hasita, Londres hoteleraino doana zen, Easo kaleko alde bikoitia hartuta. San Martin Eguna dela eta, auzoko festak garai honetan ospatu zituzten urte askotan. «Festa herrikoia zen. Txarangak, dantzaldiak, haurrentzako jolasak eta abar izaten ziren. Danborrada bat ere egiten zen, egun horretarako bereziki», oroitu du. Lau egun irauten zuten, eta festa etxola eta oholtza Triunfo kalean jartzen zituzten. «Hainbat egunez festa eta musika izaten ziren han. Gaztaroak bete-betean harrapatu ninduen, eta primeran pasa nuen», azaldu du Karmele Egues San Martin auzoko bizilagunak.
Egun handia, noski, azaroaren 11a zen, San Martin Eguna. «Odolkiaren eguna berezia zen. San Tomas Egunean txistorra ematen den moduan, San Martin Egunean auzoko tabernek odolki pintxoak ematen zituzten», gogoratu du Elizegik. Juan Jose Elorzak gogoan du. Bartolo taberna zuen, San Bartolome kalean. «Harakinari aurretik eskatzen genion odolkia, eta egun bat lehenago kozinatzen genuen. Ondoren, bero mantenduta, zatitu egiten genuen, eta egun osoan zehar eskaintzen genuen. 30-40 kilo odolki kontsumitu zitezkeen», gogoratu du.
Festaren azkeneko edizioa 1985. urtean egin zen, Elizegik dioenez. «Auzoan jende gutxi bizi ginen, eta gehienak beste auzoetara joan ginen. Baliabide gutxi genituen, eta eguraldiak ere ez zuen laguntzen». Hala ere, Elizegik eta Elorzak ezusteko ederra hartu zuten asteazkenean. Auzotik igarotzean, txistulariak musika jotzen topatu zituzten San Martin Eguna zela eta. Elizegik ere, garai batean, atabala jotzen zuen auzoko festetan. Berak ez zekien arren, Karmele Egues eta auzo historikoko hainbat saltoki auzoa eta bere tradizioak berreskuratzeko lanean ari dira.