Udalak 4.000 eurorainoko laguntza osagarria onartu du ostalari eta merkatarientzat
Donostiako Udalak merkataritzaren eta ostalaritzaren suspertze ekonomikorako laguntza berezituak onartu ditu. Zehazki, osasun krisiak eragindakoak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak iragarritakoen osagarri dira. Laguntzak gehienez 4.000 eurokoak izan daitezke establezimendu bakoitzeko.
Dagoeneko eska daitezkeen laguntzen helburua lokalak eta merkataritzaren nahiz ostalaritzaren lan egiteko moduak egokitzea da. “Online plataforma bat sortzeko lanean ari gara, ostalaritzako lokalek beren menuak edo produktuak eskain ditzaten. Horretarako, negozio horiek digitalizatzen lan egin dezaketen pertsonak kontratatzen lagunduko dugu, etorkizunerako irtenbide gisa eta herritarren ohituretan ezartzen ari diren eta bizkarra eman ezin diegun salmenta eta negozio modu berrietara egokitzeko “, azaldu du Marisol Garmendiak, Bultzada Ekonomikoko zinegotziak.
Beste laguntza-lerro bat lokalak take away zerbitzuak eskaintzeko egokitzapenera bideratuta dago; horretarako, manpara bereizleak eta egungo osasun neurriak betetzeko beharrezkoak diren beste elementu batzuk jarriko dira. “Neurri horiek zehatz-mehatz eta modu eredugarrian betetzen ari dira merkataritzaren eta ostalaritzaren gehiengoa, guztion artean pandemia horri aurre egin behar diogula jakitun. Askok inbertsioak egin behar izan dituzte arauak betetzeko, eta horregatik irekitzen dugu laguntza-lerro hau, 1.000 eurora irits daitekeena eskatzen duten establezimendu bakoitzeko”, esan du Garmendiak.
Eusko Jaurlaritzaren laguntzak
Donostiako Sustapenak kudeatuko du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak iragarritako laguntzen informazioa, eta tramitazioan laguntza eskainiko du. “Egia da ostalaritza eta merkataritza elkarteek laguntzen dietela elkartekideei laguntzak tramitatzen, baina guk bi sektoreen esku jartzen dugu kudeaketa eta informazio hori, elkartekideak izan ala ez. 40 milioi euro dira, eta hiru langile arteko ostalaritzako establezimenduek 3.000 euro jaso ditzakete; 4 eta 10 langile artekoek, 3.500 euro; eta 10 langile baino gehiagokoek, 4.000 euro”, esan du Garmendiak.
Bestalde, ostalariek eta merkatariek PREKen bigarren faseko laguntzak eskura dituztela adierazi du Bultzada Ekonomikoko zinegotziak. Behin dituzten inbertsioei eta ekipamendu berriei erantzuteko dira. Ondorengoak dira: eraldaketa digitala eta negozio eraldaketa erraztea, lan moduak eta bezeroekiko eta hornitzaileekiko harreman berriak egokituz. Hardwarea, ekipo informatikoak, sistema eragileak, softwarea eta abar erostea inbertsioen % 80 diruz lagunduko da, gehienez 3.000 euro establezimendu bakoitzeko; merkataritza lokalak testuinguru berrira egokitzeko aukera ematea, segurtasun eta osasun protokolo berriak betez. Babes ekipamenduak, holtzak, gel hidroalkoholikoa banatzeko aparatuak, desinfekzio kabinak, etab. Kasu horretan ere laguntza inbertsioaren % 80koa izango da, eta gehienez 1.000 euro emango dira establezimendu bakoitzeko; eta lokalek bi kontzeptuengatiko laguntzak eskatu ahal izango dituzte; beraz, gehieneko zenbatekoa ez da 4.000 eurotik gorakoa izango.
Horrekin batera, PREKek enpresa berriak sortzeko beste laguntza batzuk (4.000 €), bonu teknologikoak (15.500 €arte) eta enpresak eraldatzeko programak (4.000 €arte) aurreikusten ditu.
Inbertsioak gauzatzeko epea 2020ko martxoaren 14tik 2020ko abenduaren 31ra artekoa izango da.