Aieteko anbulatorioan azken lanetan ari dira
Aieteko osasun zentroko lanak aurrera doaz, eta Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, “azken lanetan” ari dira, baina oraindik ez dute zehaztu noiz zabalduko duten. Momentuz, anbulatorioaren kanpoko errotulazioa jarri dute, Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren logoekin batera. Gainera, ez da lanei lotutako hesirik ageri, nahiz eta oraindik obren zaku bat edo beste ikus daitekeen. Fatxadako aldamioa kendu zuten.
Aieteko anbulatorioa aspalditik eskatu du Lantxabe auzo elkarteak, eta auzoak “premiazko beharra” duela nabarmendu du, are gehiago pandemia garaian. Orain arte, auzoak ez du osasun zentrorik izan, eta bizilagunak Ondarretakora edo Amara Berrikora joaten dira, Aieteko zonaren arabera. Hedabide honek osasun zentro berriaren egoera eta aldarrikapenaren ibilbidea errepasatu zituen maiatzan, Felix Perez Lantxabeko kidearekin.