Isabel II.aren etorbidea berritzeko lanekin aurrera egitea erabaki du udalak
Donostiako Udal Gobernuak Amara Berriko Isabel II.aren etorbidea berritzea erabaki du, proiektua behin-behinean eten ostean. Urria bukaeran Eneko Goia alkateak adierazi zuen proiektua aztertzen ari zirela, eta, azkenik, aurrera egitea erabaki dute. 900.000 euroko aurrekontua du, eta laster hasiko dituzte lanak. Zortzi hilabeteko obra aurreikusten du udalak.
Amara Berriko Bizilagunen Elkarteak bere kezka agertu zuen, prentsaren bidez jakin ondoren Isabel II.aren etorbidearen berrikuntza lanak etenda zeudela. Aurrekontuetan sartzeko eskatu zioten udal gobernuari, eta auzo elkartearen eskaerei erantzungo die udalak. Pandemiaren eraginez, udalak aurrekontuetan hainbat aldaketa iragarri zituen, eta lehentasuna zuten proiektuekin aurrera egingo zuela adierazi zuen. Horietako bat zen Amara Berrikoa, eta bertan behera geratu ostean, gobernu batzordeak berreskuratzea erabaki zuen aurreikusitakoa baino diru gehiago erabilgarri izango zutela ikustean.
Udal gobernuak otsaila bukaeran eman zion argi berdea Isabel II.aren etorbidearen berritze proiektuari. Urbycolan enpresari adjudikatu zizkioten lanak 890.530 euroko aurrekontuarekin. Dena dela, kontratua sinatu gabe utzi zuen udalak, eta hori pasa den astean egin zuen.
Berritzearen xehetasunak
Isabel II.aren etorbidearen berrikuntza lanei esker, oinezkoentzako guneak handitu egingo dira, eta zirkulazio bideak eta aparkamenduak berrantolatuko dituzte. Aldaketarekin, etorbideak dituen lau erreiak bi izatera pasako dira, orain arteko noranzkoak mantenduz, eta zenbaki bikoitien espaloia 6,37 metrokoa izatetik 13,55 metrokoa izatera pasako da. Bakoitiena, bestetik, handituko da ere, baina neurri txikiago batean, errepideko aparkamendu lerro bakarra mantenduz. Bestalde, Irungo plzan ere hobekuntzak egingo dituzte.