Ostiraletik igandera 307 koronabirus kasu atzeman dituzte Donostian
Hainbat asteetan lehen aldiz, azken 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatuak apur bat behera egin du. Ostegunean 1.044,3koa zen. Atzo, berriz, 1.011,27koa.
(Argazkia: Maite Reizabal) Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak asteburuko koronabirus datuak argitaratu ditu. Ostiralean, 119 koronabirus kasu atzeman zituzten, larunbatean 121 eta atzo, igandea, 67. Bestela esanda, guztira 307 koronabirus kasu atzeman dira asteburuan. Azken 14 egunetako intzidentzia metatua ikusita, 100.000 biztanleko 1.000 kasuko langa gainetik jarraitzen du, baina lehen aldiz zifra hori apur bat jaitsi da. Izan ere, atzoko intzidentzia metatua 1.011,27koa zen; ostegunean, berriz, 1.044,30ekoa. Hala ere, oraindik ikusteko dago tendentzia hori kontsolidatzen den ala ez.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona berri gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Hiriko osasun eremu guztiak gune gorriak dira. Hala ere, ostegunean, bost osasun eremu 1.000 kasuen langatik gora zeuden, eta atzo, berriz, soilik bi zeuden. Jarraian, bakoitzeko intzidentzia metatua ikus daiteke:
- Gros: 1.161
- Egia: 1.064,26
- Loiola: 982,18
- Ondarreta: 955,88
- Bidebieta: 883,86
- Intxaurrondo: 876,66
- Amara Berri: 859,62
- Amara-Erdialdea: 850,52
- Parte Zaharra: 833,39
- Altza-Roteta: 757,73
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko zifrak:
- Ondarreta: 15
- Amara Berri: 13
- Egia: 11
- Gros: 10
- Altza-Roteta: 5
- Amara-Erdialdea: 5
- Parte Zaharra: 5
- Bidebieta: 1
- Intxaurrondo: 1
- Loiola: 0

