Easo plaza urbanizatzeko aldaketak onartu ditu udalak
Donostiako Udalak behin betiko onartu du Easo plazari dagokion San Bartolome eremua urbanizatzeko proiektuaren aldaketa. Plaza zabalago eta seguruago bat lortuko dela azpimarratu du udalak. Plazan dauden bide nagusien pasabideak errespetatuko dituzte; Easo kaleko galtzadaren ondokoa, kalearen eraikinen fatxaden ondoak, eta Arroka plazara doazenak.
Gaur egun erabilgarri ez dauden komun publikoak ditu plazak, eta horien zerbitzu publikoa mantentzea baztertu du udalak, segurtasun, irisgarritasun eta mantentze arazoengatik. Hori dela eta, leku berean eta plazaren maila berean, bakarrik garbitzen den komun bat jarriko dute. Egungo lorategi eremuan kokatuko dute, Amara kalera doan Autonomia kaleko aparkalekuaren irteeraren ondoan.
Antzinako komuneko kanpoko elementuak –zutabea, barandilla eta zokaloa– nahitaez kontserbatu behar dira Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB) katalogatuta daudelako. Ondorioz, plazaren elementu nagusi gisa jarriko dira, horien inguruan hormigoizko eta zurezko plataforma bat dutela.
Zuhaitzak kenduko dira
Plaza seguru bat bermatzeko, hainbat zuhaitz kenduko dituzte, nahiz eta gehienak errespetatuko diren. Aldi berean, hiriko altzariak argiztatuko dira eremu horretako puntu beltzak baztertzeko. Esnea saltzen duen etxola Easo kaleko mendebaldeko espaloian kokatuko dute, atzeko lorategira metro batzuk eramanez. Horrela, aipaturiko komunen parean geratuko da, eta Easo kalean oinezkoentzako lekua utziko du. Bestalde, jatorriz Amara kalearen ertzean zeuden hondakinen edukiontziak birkokatuko dira, eta Autonomia kaleko autobus geltoki zaharraren eremura eramango dira.
Plazako iparraldeko izkinan ere lore-aska bat jarriko da banku gisa, tamaina handiko zuhaitza integratuz. Gainera, beste banku batzuk jarriko dira bideen mugetan. Gainerako tokiak libre geratuko dira behar diren ekitaldiak hartzeko; hala nola, auzoko jaiak, aldi baterako txurro denda eta antzekoak.