Zubieta kaleko zuloa metroaren lanek eragin dute
Euskal Trenbide Sareak (ETS) eguerdian baieztatu du zuloak lotura duela ekaineko lur jausiarekin.
Gaur goizaldean Erdialdeko Zubieta kalea moztu dute, zulo bat agertu delako Londres hoteletik gertu. Udaleko iturrien arabera, 7:45ean agertu da zuloa gutxi gorabehera. Gertatutakoa aztertu ondoren, Euskal Trenbide Sareko (ETS) arduradunek eguerdian baieztatu dute zuloa metroaren igarobidearen lanek eragin dutela. Aurretik, Eneko Goia alkateak adierazi du “itxura guztien arabera” metroaren lanek eragin dutela zuloa. Zirkulazioa moztu egin dute Zubieta kalean, eta Erdialdetik Antiguarantz doazen ibilgailuak Arrasate kaletik desbideratzen ari dira.
ETSko zuzendari Ernesto Martinez de Cabredok gertaturikoaren azalpenak eman ditu: “Gertakari hau ekainaren 5ean Zubieta 8. eraikinaren beheko aldean ireki zen zulotik metro gutxira gertatu da, eta horren ondorio dela uste dugu. Zain asko duen arroka da, ur asko sortzen du, eta ur horrek, batzuetan, hondarra bera ere mugitzen du”.
Zuloa tapatzeko prozeduraren xehetasunak ere eman ditu: “Egoera hori mortero-esnearen injekzioen bidez kontrolatzen ari gara, lurra sendotzeko eta trinkotzeko. Orduan, hondar mugimenduak izan ziren, eta, logikoa denez, horrek ondorioak izan ditzake gerora, orain ikusi duguna bezalakoak, baina neutralizatzen ari gara”. Horrez gain, Zubietako kaleko eraikinen kontrola egiten ari direla gaineratu du: “Mugimendu guztiak kontrolatzen ditugu, zimenduei eragin diezaikeen guztia, eta ez da inolako eraginik izan”.
Bi metro inguruko diametroa du zuloak, eta “30 metro kubiko inguruko hutsunea” duela dio San Josek. “Zuloa lehenagotik zegoela argi dugu, eta lotsagarria da teknikariak konturatu ez izana. Hutsune hori ekainaren 5ean sortu zela uste dugu”, azpimarratu du. Udaleko teknikariekin hitz egin ostean hedabide honi egindako adierazpenak dira.
Ez da zulo bat sortzen den lehen aldia, ekainaren 5ean lur jausi bat gertatu zela kale berean, metroaren igarobidearen Mirakontxa-Easo zatiaren lanen ondorioz. Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan zulo bat agertu zen, hogei metro kubiko ingurukoa. Zehazki, eraikinaren zutabe bat oinarririk gabe gelditu zen, eta zimenduetan zulo bat eragin zuen horrek, lanetan ura sartu izanaren eraginez.
Ordutik, geldirik daude Kontxako tunelaren zulaketa lanak, eta irailaren 25ean Mirakontxa-Easo zatiko lanen kontratua bertan behera utzi zuen ETSk. Iñaki Arriola Garraio sailburuak adierazi zuen “segurtasunez jarraitu ahal izateko behar diren azterketa geologikoak egin arte” lanek ez dutela aurrera egingo.
Euskal Trenbide Sareak adjudikatu zuen kontratu zatia 53,2 milioi eurokoa zen –aurrekontu orokorra 200 milioi euro ingurukoa da–, eta gainkostua “%50 eta %70 artekoa” izango dela baieztatu zuen Jaurlaritzak. Aldiz, ELA sindikatuak gainkostua “handiagoa” izango dela uste du, eta EH Bilduk ikerketa bat egin ondotik azpimarratu zuen Mirakontxa-Easo zatiak %100eko gainkostua izango duela.
Bizilagun baten testigantza
Irutxuloko Hitzak Easo kaleko 5. atariko bizilagun batekin hitz egin du –ez du izenik eman nahi izan–. Kontatu du 7:30ak aldera oihuak entzun dituela, eta udal teknikariak ikusi dituela zuloa sortu den lekuan: “Nik uste dut Londres hotelekoek eman dutela abisua. Aurrekoan ere, beste zuloa agertu zenean, bizilagun baten abisuarengatik jakin zuten arazo bat zegoela. Zuloa aztertzen hasi dira, eta hormigoia sartzen hasi direla ikusi dut. Bizilagunoi ez digute informaziorik eman, ez digute ezer azaldu. Dena estali nahi dute, eta dena hesitzen dute, ez ikusteko, baina ez du zentzurik, herritarrok begiak ditugu, eta kalean ikusten da gertatzen ari dena. Logikoena izango zen gertatzen ari dena esatea, eta komunikatzea”.
Gainera, salatu du metroa egiteko lanak ez direla gelditu: “Esaten dute gelditu direla, baina nik makinak martxan ikusten ditut egunero. Ura ari dira ateratzen, etengabe, eta Kontxako arkupeetan makina bat zulatzen ari da”. Bere etxebizitzaren eraikina berria dela, eta soilik lanek eragindako bibrazioak nabaritzen dituztela dio bizilagunak. Ordea, kezka agertu du egurrezko egitura duten eraikinak direla eta.
Erreakzioak
Satorralaia mugimenduak metroaren igarobidearen lanak gelditzeko eskatu du, Zubieta kaleko zuloarengatik. “Zulo honek erabat zalantzan jartzen du ETSek abian jarritako neurrien eraginkortasuna, Kontxako tunelaren zulaketa lanekin kalteturiko eremuaren ezegonkortasun arazoak konpontzeko”. Horrekin batera, Satorralaiak pasa den larunbatean egindako manifestazioa nabarmendu du. “Milaka herritarrek proiektu behargabe, xahutzaile eta kaltegarri hau gelditzearen alde egindako aldarrikapena entzun dezatela eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari”.
EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeek ere metroaren lanak eteteko eskatu dute. Reyes Carrere EH Bilduko zinegotzia Zubieta kalean izan da, eta kezka agertu du: “Arduragabekeriaren ondorioa da hau. Dena kontrolpean dagoela eta arriskurik ez dagoela esan dute, baina badago. Argitasuna eta gardentasuna eskatzen du EH Bilduk; ardurak argitu behar dira, eta obra hau gelditu egin behar da berehala”.
Elkarrekin Donostiaren bozeramaile Aitzole Aranetak, berriz, “auditoretza serioa eta premiazkoa” egitea eskatu du, metroko obren “lardaskeria” argitzeko. “Lanak geldirik daudenean agertu da zulo berria, eta horrek agerian uzten du lurzoruko kaltea lehenagotik egina dagoela. Euskal Trenbide Sareak ez bazekien arriskuaren garrantziaz larria da, baina jakinda ez badu ezer esan, kasu honetan are larriagoa izango litzateke”, salatu du.
Zubieta kaleko zuloaren argazki bilduma: