'Emakumea eta tortura' mahai ingurua egingo dute Altzan
Duela 35 urte, Mikel Zabalza orbaiztarra Altzan atxilotu zuen Goardia Zibilak. Hogei egunetara hilik agertu zen. Harekin atxilotutakoek torturak salatu zituzten.
Urtemugaren harira, hainbat jarduera egingo ditu Mikel Zabalza Herri Ekimenak. Besteak beste, Emakumea eta tortura mahai ingurua egingo dute azaroaren 23an, 19:00etan, Altzako Tomasene kultur etxean. Miren Azkaratek, Kristina Getek eta Leire Gallastegik jardungo dute gaiaren inguruan. Duela bi urte ere tortura izan zuten hizpide Emakumeen Etxean. Irutxuloko Hitzak hiru hizlarien lekukotza eta bizipen ikaragarri latzak bildu zituen.
Mahai inguruan bertan Mikelen txokoa egitasmoa aurkeztuko dute Mikel Zabalza Herri Ekimenekoek. Aurtengo Donostiako Zinemaldian ‘Non dago Mikel?’ film dokumentala aurkeztu zuten. Ardatz nagusietako bat da 1985eko udazken hartan gertatutakoaren kontakizun kronologikoa: Mikel, Patxi eta Aitor Zabalza, Idoia Aierbe, Manolo Bizkai eta Ion Arretxe atxilotu zituztenetik, Mikel Zabalzaren gorpua lurperatu zuten arte.