Altzako kiroldegiaren inguruko errepide sarea hobetzeko lanen prozesua onartu dute

Martxoan bertan behera utzi ondoren, Donostiako Udalak Altzako kiroldegiaren inguruko errepide sarea hobetzeko lanen adjudikazioa berreskuratu du. Kontratuaren lizitazio prezioa 1.193.818 eurokoa da eta enpresa esleipendunak zortzi hilabeteko epea izango du lanak egiteko. Udalaren helburua da lanak 2021eko irailean amaituta egotea. Izan ere, data horretan aurreikusita dago Altzako kiroldegi berria irekitzea.
Lan hauek bereziki galtzadak eta espaloiak zolatzeko eta zerbitzu sare batzuk birmoldatzeko dira. Horiek horrela, Darieta bidean aparkalekuaren aurrealde osoa birmoldatuko da. Halaber, Berra bidean sartzeko biribilgune bat egingo da, eta beraz, Berra bideko errepidean zein espaloi zati batean lanak egingo dira.