Ostalaritza sektorearen aldeko manifestazioa egingo dute ostiralean
Gipuzkoako eta Bizkaiko ostalaritza-elkarteek erreskate plan integralak nolako izan beharko lukeen azaldu dute. (Argazkia: Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea) Erreskaterik gabe denok desagertzen gara lelopean aterako dira kalera, eta 12:00etan abiatuko dira Bulebarretik, “sektore ekonomiko eta sozial gisa ikusarazteko eta entzuteko”.
Gipuzkoako eta Bizkaiko ostalaritza-elkarteek euskal ostalaritzaren erreskate plana 2021eko aurrekontuen eztabaidan sartzea exijitzen diete euskal erakunde guztiei. Erreskate plan integralak nolakoa izan beharko lukeen azaldu dute. Haien eskakizunak zazpi puntutan laburbildu daitezke:
- Egungo aldi baterako erregulazioen sistema aldatzea eskatu dute, “Gizarte Segurantzako kostuak %100ean salbuesteko eta langileen soldatak %100eraino osatzeko”.
-
Itzuli beharrik gabeko zuzeneko laguntzak aplikatzeari garrantzia eman diote, pandemia hasi zenetik sortutako galerengatik enpresei kalte-ordainak emateko. Bestetik, gaueko aisiaren azpisektorearen kasuan “konpentsazio gehigarriak” ezarri behar direla adierazi dute.
- Alokairuen erregulazioa aldatzea eskatu dute. Batetik, “alokairuen ordainketa erabat ezabatzea establezimenduak erabat ixten diren aldietan” eskatu dute, eta bestetik, “alokairuen ordainketa proportzioan murriztea, ordutegi-tarteak ixteko edo establezimenduen erabilera eta jarduera mugatzeko aldietan”.
- Presio fiskala murrizteko ere eskatu dute, hau da, enpresen eta autonomon zergak jaisteko.
- Terrazei buruzko udal-araudiak “berrikusi eta malgutu” behar direla adierazi dute.
-
Obra-lizentzia emateko eta jarduera-aldaketak egiteko prozesuak azkartzeko eskaera egin dute.
- Eskaria suspertzeko, BEZa %4-ra jaisteko, zuzeneko eta zeharkako zergak ez igotzeko, eta turismoa eta aisialdia erakartzeko inbertsioa sustatzeko eskatu diete erakunde publikoei.
Eskakizun horiek guztiak egingo dizkiete erakunde publikoei ostiralean, Erreskaterik gabe denok desagertzen gara lelopean.
