Ostalariek protesta egin dute udalbatzarrean eta dituzten eskaerak helarazi dizkiete udal taldeei
Azaroko udalbatzarrean protesta egin dute SOS Ostalaritza taldeko hainbat kidek. Udal batzar aretoan hitza hartzen saiatu dira, baina Eneko Goia alkate eta udalbatzako presidenteak adierazi die aurrez eskatu behar dela. Horiek horrela, ostalarietako batek beraien aldarrikapenen zerrendaren txostena helarazi die udal talde guztiei.
Kontrolerako mozioen tartean, hainbat ostalari elkartu dira udal batzar aretoan. Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak Goiari eskatu dio ostalariei hitza emateko, baina alkateak gogorarazi du udalbatzarretan parte hartzeko prozedura bat bete behar dela, eta udalbatzako presidenteak ez duela baimenik hitza emateko. Dena dela, alkatea prest agertu da udalbatzarra bukatzean ostalariekin hitz egiteko.
Eta horrela izan da. Udalbatzarraren ostean, ostalariek Goiarekin eta Jon Insaustirekin hitz egin dute. Ostalarietako batek hedabide honi azaldu dio pozik daudela hitz egiteko aukera izan dutelako. Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileari eta Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziei ere azaldu diete eskatzen dutena Goiak eta Insaustik ostalariei adierazi diete aurrez ez dutela bilerarik eskatu. Ordea, abuztuan SOS Ostalaritza taldeak txostena bidaltzeko aukera eman zieten alderdi guztiei, eta hiruk erantzun zieten: EH Bildu, Elkarrekin Donostia eta PP. Aldiz, EAJk eta PSE-EEk ez zietela erantzun gogorarazi diete. Horrek alkatea ezustean harrapatu duela adierazi dute udalbatzarrera joan diren ostalariek.