"Ez ditzagun falta zaigun diruarekin behar ez ditugun gauzak erosi"
Black Friday-aren kontrako ekintza bat egin du BASK arropa marka jasangarriak Erdialdean, gaur arratsaldean.
San Martin merkatuko Zara dendaren parean elkartu dira sei gazte. Hainbat orri beltz kokatu dituzte lurrean, eta horietan leloak irakur zitezkeen. Hona hemen, adibide bat: “Ez ditzagun falta zaigun diruarekin behar ez ditugun gauzak erosi”. Ingurutik pasatzen ziren pertsonei orri horiek banatu eta azalpenak eman dizkiete. Era berean, iaz Indian grabatu zuten dokumentalaren irudiak eskaini dituzte.
“Gure aktibismoarekin modu erradikalean posizionatu gara Black Friday-aren aurka. Jakin badakigu gure planeta krisi batean dagoela, bizitza bera mehatxatuta dagoela eta krisi klimatikoari irtenbidea emateko asmorik gabe, planeta kontsumitzen ari garela. Hori dela eta, BASKen kontsumo masiboa eta inkontzientea sustatzeko jaio zen estrategiaren aurka matxinatzen gara, erabili eta botaren kultura inposatzen duen ereduen eta mezuen aurka, planeta errespetatuko duen ekoizpen eta kontsumo eredua sustatzeko premiazko garai batean”, azaldu dute ohar bidez ekintzaren antolatzaileek.
Arropa markak Internet bidezko denda eta sare sozialak astebetez itxi dituzte, “behar ez ditugun gauzak erostera bultzatzen gaituzten mezu horien guztien aurka gaudela ikustarazteko”. Datorren astelehenean irekiko dute berriz ere denda, “egun hauetan hainbeste galtzen den sena berreskuratu ostean”.