Ostiraletik igandera 195 koronabirus kasu zenbatu dituzte Donostian
Hiria 100.000 biztanleko 700 kasuen langaren azpitik dago, eta beheranzko joera egonkortu da. Bidebieta eta Altza ez dira gune gorriak dagoeneko.
Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren datuak iragarri berri ditu. Ostiraletik igandera, 195 koronabirus kasu atzeman dituzte hirian, alegia, joan den asteburuan baino bat gehiago. Zehazki, ostiralean 57 kasu zenbatu zituzten, larunbatean 84 eta igandean 54. Hala ere, Donostiako koronabirus kasuen intzidentzia metatuak beheranzko joerarekin jarraitzen du. Ostegunean, 726,7koa zen; atzo, berriz, 665ekoa. Bestela esanda, Donostian oraindik kutsatze maila altua da, baina bide honetatik jarraituz, pare bat astetan, Donostiak gune gorri izateari utzi diezaioke. Oraindik denbora beharko du.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona berri gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Ostegunean, Bidebietako osasun eremuak gune gorri izateari utzi zion, eta asteburuan beste osasun eremu bat batu zaio: Altza-Roteta. Gainontzekoak, 100.000 biztanleko 500 eta 700 kasuen bitarteko langan daude, Gros izan ezik. Jarraian, bakoitzeko intzidentzia metatua ikus daiteke:
- Gros: 701,30
- Parte Zaharra: 695,70
- Ondarreta: 672,66
- Amara-Erdialdea: 633,37
- Loiola: 645,43
- Intxaurrondo: 624,95
- Amara Berri: 603,44
- Egia: 508,70
- Altza-Roteta: 472,95
- Bidebieta: 455,74
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko zifrak:
- Ondarreta: 14
- Amara Berri: 10
- Altza-Roteta: 6
- Amara-Erdialdea: 6
- Parte Zaharra: 6
- Gros: 5
- Egia: 4
- Loiola: 1
- Intxaurrondo: 0
- Bidebieta: 0