Ancorak dio ilegala dela 'Ezkongabeen etxea'-ren atarian egiten ari diren obra
Groseko Ezkongabeen etxea izenez ezagutzen den eraikinaren ataria irisgarri bihurtzeko lanak hasi zituzten atzo. Ancora elkarteak ohartarazi du “ilegala” dela obra hori, eta Donostiako Udalak diruz lagundu duela. Horrekin batera, lanak “berehala” eteteko eskatu dute.
Lapurdi plazako 1. zenbakian dagoen eraikina Florencio Mokoroa arkitektoak diseinatu zuen, eta 1936an eraiki zuten. Dituen bereizgarrien artean, esanguratsuena da diseinu arrazionalista duen ataria. Hain zuzen ere, atariak B mailako babesa du otsailean berrikusi eta onartu zen Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB). Era berean, urtebeteko epean obra lizentziarik ez ematea adostu zen. Erabaki hori urratu dutela azpimarratu du Ancorak.
Udaletxean idatzi bat erregistratu dute lan horiek gelditzeko: “Esku-hartzea ez da oinarritu proportzionaltasun eta itzulgarritasun printzipioetan, eta gure ustez irtenbide hobeak daude atariaren irisgarritasuna bermatzeko. Adibidez, eskailera-igogailu sinple bat jarrita. Dirudienez bizilagunek igogailua atariaren mailaraino jaitsi nahi dute, baina horrek dauden elementuak historiko-arkitektonikoak galtzea ekar dezake”.
Eraikinaren ezaugarriak
Oinplano triangeluarra duen etxadi baten izkinan dago, eta horrek aukera ematen dio hiru fatxada edukitzeko. Haietako bitatik Zurriolako badiaren bista zoragarriak ikus daitezke. Jatorrizko proiektuaren arabera, etxe honetan apartamentu txikiak egin nahi ziren, eta hori dela eta, herritarrek “ezkongabeen etxea” izena eman zioten eraikinari. Esan daiteke eraikin hau arrazionalista dela. Bolumen-joko handia du etxeak; izan ere, hutsune batzuk ditu fatxadan, balkoi luze batzuei dagozkienak. Leihoek erritmoa hartzen dute, kontraste handia baitago sukaldeko leiho txikien eta apartamentuko gainerako beste leihoen artean.