Kontxako pasealekua itxita egongo da ibilgailuentzat igandeetan eta jaiegunetan
Hilaren 6tik aurrera, Kontxako pasealekua itxiko dute ibilgailu motordunentzat igandeetan eta jaiegunetan. Ordutegiari dagokionez, 9:00etatik 19:00etara egongo da itxita martxoaren 21era arte. Aldiz, egun horretatik urriaren 31ra bitarte, 9:00etatik 21:00etara itxiko dute. Kontxa eta Mirakontxa pasealekuen arteko elkargunean egingo da mozketa –Mirakontxako igoera irekita geratuko da–, Zumalakarregi hiribidea eta Satrustegi hiribidea lotzen diren tokiraino.
Donostiako Udalak harturiko erabakiaren arrazoia azaldu du Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak: “Neurri hau mugarik gabe egingo da oinezkoen eta txirrindularien pasealekua bultzatzeko, eta are garrantzia handiagoa du distantzia soziala eta aire zabaleko espazioak hain garrantzitsuak diren une hauetan”. Udalak aurretik pasealekua itxi izan duela gogorarazi du Aranak. “Beste batzuetan egin da. Esaterako, konfinamendu ostean eta Mugikortasunaren asteko autorik gabeko egunean. Oso emaitza onak izan zituen”.
Dbusen aldaketak
Mozketa hau dela eta, Antiguako Dbusen lineek ondorengo ibilbidea egingo dute:
- 5. Bentaberri, 18. Seminarioa, 25. Bentaberri-Añorga, 33. Larratxo-Intxaurrondo-Antigua-Berio eta 45. Renfe geltokia-Bus Geltokiak-Antigua-Aiete: joaneko noranzkoan, Sanserrekatik joango dira, eta Pio Barojatik jaitsiko dira Antiguarantz, eta gero, ohiko ibilbidea egingo dute. Ez da geltoki bat ere aldatuko. Itzulerako noranzkoan, Pio Barojatik igoko dira, eta Aldapetatik jaitsi. Ondoren, ohiko ibilbidea egingo dute. Ondarretako geltokia kendu egingo da eta Esklabetara edo Pio Baroja 4ra eramango da. San Martin 57ko geltokia zerbitzurik gabe geratuko da.
- 16. Igeldo: Ohiko ibilbidea egingo du. Joaneko zein itzulerako noranzkoetan, Sanserrekatik joango dira eta geltoki guztiak mantenduko dira.