Porlanak 300 urteko historia estaliko du
Txanpuene baserria hustu dute, eta hondeamakinak eraiste lanetan hasi dira. Luxuzko etxebizitzak eraikiko dituzte, eta Txanpon Enea parkea egingo dute ondoko lursailean. Garai bateko Amara desagertzear da, XVIII. mendeko ondarea baita Txanpuene.
Amara azken hamarkadetan asko aldatu da, eta askok sinetsi ere ez dute egingo auzoan baserririk dagoenik. Baina badago bat, azkena: Txanpuene baserria. Ez da luzerako egongo, ordea. Atzo goizean, hondeamakinak eraiste lanetan hasi ziren.
Txanpuene baserria San Roke kaleko 57. zenbakian dago, Alba familiaren Arbaizenea jauregiaren ondoan. Are gehiago, baserria eta inguruko lursailaren jabeak ere aristokrata horiek izan dira duela gutxi arte. Hala ere, Etxabe familia bizi izan da Txanpuenen azken 150 urteetan maizter moduan, eta orain, ezingo dira berriro baserrian sartu, urte askotako “mehatxuaren” ondoren.
Izan ere, 1997an Donostiako Udalarekin akordio bat egin zuen Alba familiak: Arbaizeneako lursail lauarekin geratu ziren aristokratak (baserria barne), eta udala, Txanpueneren aurrealdean dagoen gune berde eta aldapatsuarekin. Udalaren esku dagoen 10 hektareako eremuan Txanpon Enea parkea eraikitzeko asmoa du udalak ordutik: Morlanstik, Amaratik eta Aietetik sarbidea izango duen berdegune bat. Hala ere, ez dute ordutik proiektua martxan jarri.
2005etik aurrera Txanpueneren inguruko lurretan urbanizazio prozesu bat abiatzeko prozesua abiatu zen, baina krisi ekonomikoak geldiarazi zuen. 2016an gorpuztu zen Txanpuenekoak jasaten ari ziren “mehatxua”: Alba familiak Txanpuene baserria eta lursailak Neinor SL, Renteria SL eta Irunesa SL higiezinen enpresei saldu zizkieten. Arbaizeneako hirigintza proiektua aurrera eramaten ari dira enpresa horiek. Etxabetarrek etxea galtzeko arriskua argi ikusi zuten, enpresa horiek – jabe berriek – Txanpuene baserria botatzeko eskatu zutenean. Orduan, baserriko maizterrek epaitegietara jo zuten.
Donostiako epaitegiak maizterren alde egin zuen hasiera batean, eta onartu zuen maizterrak baserriaren jabe bihurtu zirela denboraren poderioz, baina enpresek helegitea aurkeztu zuten, eta Gipuzkoako Auzitegiak arrazoia eman zien. Horrela, auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi da, eta epaia atera gabe dago oraindik.
Eraisten ari dira
Hala ere, botere judizialaren aginduz astearte goizetik Txanpuene baserria higiezinen enpresen esku dago, eta Etxabe familiak maizter izateari utzi dio: ezingo dira berriro baserrian sartu. Astearte goizetik, segurtasun langile bat dago baserrian, eta argindarra moztu dute. Ostegun goizean hasi ziren hondeamakinekin oilategia eraisten, eta baserria ia guztiz hustu zuten. Topografo bat ere aritu zen inguruko lursailetan neurketak egiten.
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du “legearen barruan” jokatu dutela, “jabeek aurkeztutako helegitea irabazi zutelako”. Hala ere, Jon Lakuntza Amara Bai auzo elkarteko kidearen arabera, “Auzitegi Konstituzionaleko epaia teorian ez da bukatu, baina hiru hilabetera esan diete ez dutela irabazteko aukera handirik”. Beraz, prozesu judiziala amaitu baino lehen ekin diote baserria hustutzeari eta botatzeari.
Txanpuene baserria dagoen tokian luxuzko etxebizitzak egiteko asmoa dute Arbaizeneako hirigintza proiektuaz arduratzen diren higiezinen enpresek: “Hiru solairuko etxebizitza batzuk eta txalet txiki batzuk eraikiko dituzte», Jon Lakuntzaren arabera. Txanpon Enea parkeak urbanizazio proiektuari itxaron beharko dio: «Parkearena ez zen egin bere momentuan igogailuaren bidean etxebizitza bat egitea falta delako. Pentsatu genuen etxebizitza hori egin arte ez zuela merezi parkea egiteak”, azaldu du alkateak.
Amara Bai, Morlanstarrak eta Aieteko Lantxabe auzo elkarteek baserria babesteko eskatu dute, eta Ancora elkarteak eraikinaren balio historiko eta artistikoa nabarmendu du. Ancora elkarteak azaldu duenez, baserria XVIII. mendekoa da, gutxienez. Antonio de Claessensena zen baserria, baina 1895ean Sotomayorreko dukeak erosi zuen. Barruan egurrezko jatorrizko egitura mantentzen du Txanpueneak, eta hainbat elementu interesgarri ditu: gurutzea eta La Nueva Barceloneta, 1773 dioen ateburua, esaterako. Baserriko lurretan ere XIX. mende hasierako iturri bat dago: “Lantxabekoek eta pentsatu zuten Amaran eta Aieten dauden iturri guztiekin museo bat egitea, erakusteko nola hornitzen zen hiria urez. Izurriak edo gerrak zeudenean hemendik hartzen zuten ura”, azaldu du Lakuntzak.
Ancora elkartearentzat “penagarria” da XVIII. mendeko baserria desagertzea: “Hemen inguruan geratzen den bakarrenetarikoa da Katxolarekin batera. 70 baserri baino gehiago babesteko eskatu dugu, baina ez dugu erantzunik jaso. Badirudi ez direla baserri gehiago babestu behar. Oso mingarria da guretzat”, azaldu du Eneko Oronoz Ancorako kideak. Txanpueneren historia aintzat hartuta, Oronozek ondorengoa azpimarratu du: “Gerrak pasa ditu, baina espekulazioari ezin izan dio aurre egin”.
Amarako bizilagunen babesa
Amarako auzotarrek Txanpuenekoei babesa erakutsi diete baserria arriskuan jarri zenetik: “Txanpuene Eguna ospatzen hamahiru urte daramatzagu, ikusten genuelako baserria arriskuan zegoela. 160 pertsona bildu izan gara, eta trikitilariak, txalapartariak, haur jolasak eta abar izan ditugu. Haurrei baserri atzeko basoan dagoen harraska erakusten genien”, azaldu du Lakuntzak.
Txaro Lazcoz San Roke kalean bizi da duela 54 urtetik, Txanpueneren ondoan, eta auzoa asko aldatu dela uste du: “Denak familia bat ginen, baina orain ezer ez: bizilagunek ere ez dugu elkar ezagutzen”. Txanpuene baserrikoekin harreman handia du oraindik: “San Juan sua eta guzti egiten genuen hor. Behiak zeuden, eta San Rokeko emakumeak etortzen ziren esne bila, eta Santu Guztien Eguna baino lehen, auzoko emakumeak Txanpuenen biltzen ginen krisantemoekin eta goroldioarekin gurutzeak eta koroak egiteko, eta gero San Martin merkatuan saltzen genituen”, azaldu du. Lakuntzak oroitu du 45 ardi inguru ere bazeudela Txanpuenen, eta oraindik hor jarraitzen dute zenbait oilok, baita baratzeak ere.
Albako dukesa ere ikusi izan du Lazcozek etxe inguruan “L4 batean, txoferrarekin”. Lakuntzak ere badu beste anekdota bat aristokratarekin: “Auzotar batek kontatu zidan haurrak zirela Arbaizenean izanak direla. Albako dukesak tenis zelai bat zeukan, eta auzoko ume batzuk pilotak jasotzen jartzen zituen. Gero txokolatezko ogitarteko bat ematen zien ordainetan”.
Asko aldatu da auzoa
Basoerdi parkea ere oso desberdina zela esan du Lakuntzak, “mendi” bat zela, alegia. Eta gainean beste baserri bat zegoela gogoratu du Lazcozek.
Izan ere, 54 urtez San Roke kalean bizi izan den emakumeak paisaiaren aldaketa ikusi du: “Txanpuenez gain, beste baserri bat zegoen kalean, eta Arbaizeneako zaindarien etxea. Horiek denak bota zituzten, eta etxe berriak eraiki dituzte. Aurrean jarritako eraikinek bistak estaltzen dituzte: lehen, jendea hondartzan paseatzen ikusten genuen eta orain ez”.
“Auzoaren berdeguneak eta alaitasuna kentzen ari dira. San Bartolomeko auzo berrian ere, hormigoia baino ez dago. Zer utziko ote diegu gure haurrei!”, salatu du Lakuntzak.
“Inpotentzia” sentitzen dute auzotarrek: “Inpotentzia ematen digu auzoko leku politak kentzen dizkigutela ikusteak. Arrokako frontoiarekin gauza bera egin zuten”, esan du Lakuntzak.
Txanpuene baserria desagertzeko arriskuan dago, baina Lantxabe elkartearen arabera, “maizterrak baserria ez botatzeko tramiteak egiten ari dira”.
Txanpuene eraisten ari dira, eta garai bateko Amara porlanak estaliko du.