Protesta egiten hasi dira igogailuen proiektuaren atzerapena salatzeko
Urtebete pasa da udalak Antiguako Heriz pasealekuko igogailuen proiektua onartu zuenetik. Heriz plataformak kartelak jarri ditu auzoan, udalari harturiko konpromisoa bete dezan eskatzeko. 2021eko aurrekontuetan sartuko dutela adierazi du Eneko Goiak.
Mugikortasun sailaren lehentasunetako bat izateari utzi dio Antiguako Heriz pasealekuko igogailuen proiektuak. 2017an udalak aurkezturiko Mugikortasun Bertikalari buruzko Plan Gidarian, zehaztu ziren 26 esku-hartzeen artetik Herizkoa zen lehen postuan zegoen proiektua, Larratxoko igogailuaren aurretik. Hiru urteren ondoren, oraindik ez dira lanekin hasi, eta Heriz plataformak protesta kanpaina bat abiatu du atzerapena salatzeko. Pasealekuko etxebizitzetan hainbat kartel jarri dituzte udalari harturiko konpromisoa bete dezan eskatzeko.
«Elkarte bat ez garenez, ez gaituzte aintzat hartzen. Protesta egitea erabaki dugu udalari galdetzeko igogailuak non dauden. Denbora asko pasa da proiektua onartu zutenetik», adierazi dute. Iaz plataformako kideek bilera bat egin zuten Eneko Goia alkatearekin eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziarekin. Besteak beste, Heriz pasealekuko igogailuen proiektua abian jartzeko eskatu zieten, eta udala horren alde agertu zen.
Hiru diru zati
Donostiako Udalak dagoeneko hiru diru zati aurreikusi ditu Herizko igogailuen proiekturako. 2018an 599.500 euro bideratu zituzten, 2019an 600.000 euro, eta aurten 315.000 euro. Ordea, diru hori ez da erabili proiektua aurrera eramateko. Hasiera batean, lau igogailu jartzea zen asmoa, baina azkenean bi izango zirela erabaki zuten: Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotuko dituena, eta Larramendi ikastetxetik Herizen goiko aldera iritsiko dena.
Atzerapenaren azalpenak eskatzeko, Heriz plataformak Pilar Arana Mugikortasun zinegotziari bilera bat eskatu zion, baina ez dute erantzunik jaso. «Badirudi ez duela gurekin hitz egin nahi. Horregatik, Aitzole Aranetarekin, Elkarrekin Donostiaren bozeramailearekin, jarri ginen harremanetan, eta abenduaren 9ko batzordeetan proiektuaren inguruko galderak egingo ditu». Aranetak zazpi galdera erregistratu ditu Herizko igogailuen proiektuaren egoera argitzeko. «Zer gertatu da azken hiru urtetako aurrekontuetan aurreikusitako diru zatiekin? Zergatik ez da ezer egin horrenbeste denboran? Bizilagunak mobilizatu egin dira, eta erantzun bat merezi dute», azaldu dio Aranetak hedabide honi.
Desjabetzeen zain
Eneko Goia alkateari Herizko igogailuen proiektuaz galdegin zion hedabide honek asteartean. Proiektua aurrera eramateko lursail batzuk desjabetu behar direla azaldu du, eta hori ez da urtea bukatu baino lehen gertatuko. Horregatik, 2021eko aurrekontuetan sartuko dute proiektua. Erantzun horrekin ez daude konforme Heriz plataformako kideak: «Argibideak eskatzen jarraituko dugu, desjabetzeen inguruan zein urrats egin dituzten. Hau da, zeintzuk diren oztopoak Erregezaintza kaleko eta Larramendi ikastetxeko lursailetan».