Zerbitzua mantentzea da Dbizi sistema berriaren erronka nagusia
Abenduan jarriko du abian Donostiako Udalak, egun zehatza argitu ez badute ere. Hiriko hainbat txokotan 437 bizikletarentzako 46 geltoki berri misto jarri dituzte. Horietatik 317 mekanikoak izango dira, eta 120 elektrikoak. Dagoeneko izena eman daiteke.
Martxoan aurreko Dbizi sistema bertan behera uztea erabaki zuen Donostiako Udalak. Ordutik, hiriak ez du bizikleta publikoaren zerbitzurik izan. «Ez genituen kexa gehiegi jaso. Martxoan zegoen egoerarekin, erabiltzaileen kezkak beste gai batzuei buruzkoak ziren», azaldu du Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak. Atzerapenaren arrazoiak ere eman ditu: «Zerbitzu hain garrantzitsu bat martxan jartzea ez da erraza, eta bere prozesu administratiboak ditu. Kontratua behin adjudikatuta, udalaren esku ez zeuden fase batzuk atzeratu egin dira. Adibidez, Kanadatik iritsi behar ziren bizikletak atzeratu egin ziren hango zamaketarien grebagatik». BIZISS aldi baterako enpresa elkarteak kudeatuko du sistema berria, Dbusen eta udalaren bitartez.
Bizikletak, azkenik, iritsi ziren Donostiara, eta hilabete honetan erabilgarri jarriko dituzte. Ekainean sistema berria aurkeztu zenean, Aranak adierazi zuen bizikleta elektrikoak datorren urteko otsailean jarriko zituztela erabilgarri. Ordea, bizikleta guztiak eskura dituztenez, zerbitzua bere osotasunean jarriko dute abian. Zehazki, 437 bizikleta dira; 317 mekanikoak eta 120 elektrikoak. Horientzako 46 geltoki berri misto jarri dituzte hiriko hainbat txokotan.
Hobekuntzak
Sistema berriaren hobekuntzak asko direla nabarmendu du Aranak: «Bizikleta sendoagoak, geltoki mistoak, sistema erabilgarriagoa, ordutegi zabalagoa… Dena dela, hobekuntza esanguratsuena da geltoki sarearen zabalkundea». Lehen fasean hamar auzo zein eremutan jarri dira geltokiak: Erdialdean, Grosen, Egian, Ategorrieta-Ulian, Intxaurrondon, Antiguan, Ibaetan, Loiola-Martutenen, Aieten eta Amaran. Bigarren fasean, berriz, beste 22 geltoki jarriko dira, eta Bidebietara, Herrerara, Altzara eta hiriko beste eremu batzuetara zabalduko da sarea. Ordutegiari dagokionez, funtzionamendu zabala izango du zerbitzuak: astelehenetik ostiralera 06:00etatik 00:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 24 orduz egongo da martxan.
Dbizi sistemaren webgune propioa sortu du udalak, eta helbide honetan kontsultatu daiteke geltokiei eta beren kokalekuei buruzko informazio guztia: www.dbizi.eus. Era berean, jada irekita dago Dbiziren Erabiltzailearen Arretarako Bulegoa, Zorroaga pasealekuko 23-25ean. Astelehenetik ostiralera dago zabalik, –lanegunetan, 9:00-14:00 eta 15:00-18:00–. Harremanetan jar daiteke ere telefonoz –943-06 08 88–, sare sozialen bidez, info@dbizi.eus posta elektronikoaren bidez, eta Whatsapp eta Telegram bidez –648-01 93 32–.
Sisteman izena eman daiteke
Dagoeneko izena eman daiteke Dbizi sistema berrian, webgunean edo aplikazioaren bidez, eta aipaturiko bulegoan. Aurreko sistemaren erabiltzaileek –ekainean bertan behera geratu zenean bezeroak zirenek–, %50eko hobaria izango dute banakako abonu arruntean, baldin eta 2021eko urtarrilaren 6a baino lehen ematen badute izena. Era berean, urtarrilaren 6a baino lehen erregistratzen diren erabiltzaile berriek %25eko deskontua izango dute banakako abonu arruntetan.
Ordainketa sistema ere berria izango da. Kuota finkoa du, abonamendu arrunta –indibiduala 35 euro eta 2-5 pertsona bitarteko taldekoa 80 euro– eta noizbehinkako abonamendu –indibiduala 5 euro eta taldekoa 10 euro– . Erabileraren ordainketa bizikleta maileguan hartzen den denboraren araberakoa izango da. Horrekin batera, tarifa desberdina da bizikleta mekanikoa edo elektrikoa erabiltzen bada.