Haritzaldek salatu du udalak kontutik bahitu diola hazi banaketa debalde egiteagatik eskatutako zergaren dirua
Haritzalde Naturzaleen elkarteak urrian jakin zuen “espazio publikoa okupatzeagatik zerga” ordaindu beharko ziola udalari, urtero bezala haziak debalde banatzeko postua jarri zutelako. “Urteetan sentsibilizazio jarduera burutzen, maiz udalak berak diruz lagunduta eta bat-batean, irizpide aldaketa”, azaldu zuten orduan. Bestela esanda, postua jartzeagatik zerga ordaintzeko eskatzen zieten lehen aldia zen, eta hogei urte zeramatzaten banaketa egiten. Horregatik, ordaintzeari uko egin zioten, baina “mehatxuzko gutunak” jasotzen hasi zirela kontatu dute, dirua bahituko zietela esanez. Azkenean, 18,12 euroko zerga Haritzalderen kontutik zuzenean bahitu du udalak. Elkarteak egoera salatu nahi izan du, adierazpen baten bitartez. “Kontua ez da kopurua, baizik eta ekintza bera eta horren atzean dagoena”, adierazi du.
Antza denez, “gehiegitan gizarte mugimenduek eta elkarteok egin behar dugu Administrazioak berak egin beharko lukeena: Babestu, kontserbatu eta ongi kudeatu natura, aldi berean gizartearen konplizitatea bilatuz sentsibilizazio eta heziketaren bidez”, nabarmendu dute elkartetik. Aldiz, administrazioak horretarako erraztasunak jarri beharrean, nolabaiteko “trabak” eta “oztopoak” topatu dituztela adierazi dute Haritzaldetik. “Harrigarria bezain mingarria da erakunde publikoek, gure ondare naturala eta biodibertsitatea babestu beharko luketenak, etengabe erasotu egiten dutela ikustea, horiek arriskuan jarriz”, azpimarratu dute. Besteak beste, natura babesteko araudia alde batera uzten dute. “Beraiek dira lehenak, ordea, horiei muzin egiten edo, interes pribatuek egileak direnean, beste aldera begiratzen dutenak. Ingurumen alorrean legeak batitugu, baina maiz ez nork aplikatuko dituen”, esan dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Gipuzkoako kasua salatzea ezinbestekotzat jo dute: “Legea urratuz gero, zigorra dator. Orain Ingurumen alorrean badirudi denak balio duela, dena dela posible. Isurketa dela, ibai batean, airean, “kontuz ibili” esan eta kitto. […] Nola salatuko zaio penaletik pertsona bati ehizaren inguruko delitu batengatik edo sute bat eragiteagatik. Harrigarria da zenbat delitu izaten den beste Erkidego batzuetan eta zein gutxi hemen. Euskadin ez da ezer gertatzen eta Gipuzkoan are gutxiago. Hori saldu nahi dute eta, besteak beste, horregatik ez zaie interesatzen”. Horrekin batera, ingurumena babesteko “pertsonal gutxi” eta “baliabide eskasak” direla azaldu dute, “agintariek batere interesik ez dutelako delitu horien ikerketan”. “Zorionez”, ingurumena babesteko asmoarekin geroz eta herritar eta herri langile gehiago daudela azpimarratu dute.
Aipatutako arrazoi guztiengatik, diru bahiketa salatzeaz gain, Haritzaldek agintariei eskatu die “baliabide gehiago jartzea eta legeak betetzea eta betearaztea”.