Dbizi sistema berria erabiltzeko izena eman daiteke
Dagoeneko izena eman daiteke Dbizi sistema berria erabiltzeko. Webgunearen bidez egin behar da, eta banakako abonu arruntean deskontuak eskuratu daitezke, baldin eta izen ematea 2021eko urtarrilaren 6a baino lehen egiten bada. Donostiako Udalak sistema berria ostiral honetan abian jartzea aurreikusten du.
Aurreko sistemaren erabiltzaileek –2020ko ekainean sistema zaharrari baja eman zitzaionean abonatuak zirenak– %50eko deskontua izango dute banakako abonu arruntean. Duela gutxi kode bat jaso dute posta elektronikoz “%50eko deskonturako kodea”, eta kode hori webgunean erabili ahal izango dute, “sustapen kodea”-n sartuta, eta alta ematen dutenean deskontuaz baliatu. Deskontu hori soilik webgunearen bitartez eskuratu daiteke. Era berean, egun hori baino lehen erregistratzen diren erabiltzaile berriek zuzeneko %25eko deskontua edukiko dute banakako abonu arruntean.
Datozen egunetan, sistemaren aplikazioa egongo da erabilgarri, eta app horri esker ere alta eman ahal izango da, bai eta bizikletak dagozkien geltokietan ainguratu eta desainguratu ere, Dbizi martxan jartzen denean.