Ekialdeko Barrutiaren aurrekontua %75 murriztu dutela salatu du EH Bilduk
EH Bilduk salatu du Donostiako Udal Gobernuak Ekialdeko Barrutiaren aurrekontua %75 murriztu duela: “Pasa den uztailean Barrutiaren Udal Batzarrak onartu zuenetik, exekutatu gabe eta etenda egon da Barrutiaren 2020ko aurrekontua (1.552.234 €), udal organo zentralek COVID-19a dela eta hartu duten erabaki baten ondorioz. Azaroan, Udal Gobernuak erabaki zuen berrabiatuko dituen inbertsioetako 13 milioi euroetatik 325.000 € bideratzea Barrutiari. Erabaki horren ondorioz, Barrutiak inbertsioetarako izango duen diru saila hasieran esleitua zuenaren %25 besterik ez da izango; hau da, milioi bat euro gutxiago. %75 murriztu du Gobernuak, beste ezein udal saili egindako murrizketa baino askoz ere handiagoa”, azaldu dute EH Bildukoek.
“Altzako, Bidebietako eta Intxaurrondoko bizi-baldintzak hobetzeko inbertsio gehiago” eskatu du EH Bilduk, eta Ekialdeko Barrutiaren aurrekontuaren murrizketa “berreskuratzeko formula” adostu nahi dute Udal Gobernuarekin eta beste eragileekin.