Santa Klara uhartearen erabilera eta kudeaketa jasangarria eskatu dute
Santa Klara uhartean Cristina Iglesias artista egiten ari den artelanak bisitari ugari erakarriko dituela igarrita, Bizilagunekin plataformak, Eguzki talde ekologistak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Parkea Bizirik Kulunberak uhartearen erabilera eta kudeaketa jasangarrirako plan bat proposatu diote Donostiako Udalari. Izan ere, uhartera joango diren pertsona kopuruaren hazkuntzak uhartean eragin negatibo handia izan dezakeela ohartarazi dute, ingurumenari dagokionez.
Uhartera joan ahalko diren pertsonen kopurua mugatzeko eskatu dute; uhartea urtean lau hilabetez irekitzeko eta itsasargia astean lau egunetan bakarrik irekitzeko ere eskatu dute. Uhartean azpiegitura berriak eraikitzeari eta hazkunde turistikoa helburu duten jarduerei uko egiteko ere eskatu dute, eta itsasargiaren kontrola eta kudeaketa Cristina Enea Fundazioaren esku uzteko.