Gerra eta pandemia garaian, elkartasuna

Sahararren bizitza gogorra bazen, orain are gehiago, Marokoren aurkako gerragatik eta COVID-19arengatik. Hala ere, aspalditik donostiar ugarik elkartasuna adierazi diete, mila modutan: haurrak udan ekarriz, janaria bidaliz, eta osasungintzan lagunduz, besteak beste.

Alazne Altuna eta bere bikotekidea errefuxiatuen kanpalekuetan izan dira haien "familia sahararra" bisitatzen, tartean Salka eta Mohamed haurrak. (Argazkia: Alazne Altuna) Alazne Altuna eta bere bikotekidea errefuxiatuen kanpalekuetan izan dira haien "familia sahararra" bisitatzen, tartean Salka eta Mohamed haurrak. (Argazkia: Alazne Altuna)

Sahararrek 45 urte daramatzate deserrian, errefuxiatu kanpamentuetan bizitzen eta haien lurraldean bizi ezinik. Urte luzez munduak Mendebaldeko Sahara “ahaztu” egin du, baina azkenaldian Afrikatik haien oihartzuna dator, egoera lehertu eta Marokoren aurka gerra hasi baitute, Marokok 1991ko su-etena eten eta gero. Kanpamentuetako gizonak gerrara joan dira; haurrak eta emakumeak kanpamentuetan geratu dira, gerratik kilometroetara.
Gerrari COVID-19aren pandemia ere gehitu behar zaio, sahararren bizi-baldintzak are gehiago okertu baititu.

Hala ere, euskal herritar askok ez dituzte sahararrak ahaztu, eta elkartasuna zabala da. Donostian, asko dira sahararren alde antolatzen direnak.
Maite Berzosa Saharako Lagunen Elkarteko kidea da, eta 1994ean ezarri zituzten helburuak gaur egun “tinko” mantentzen direla adierazi du: “Helburuak dira saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea, lurralde okupatuetan giza eskubideen etengabeko bortxaketa salatzea, herri horren historia eta kultura zabaltzea, eta ahal dugun neurrian, kanpamentuetan bizi duten egoera larria salatzea. Horri guztiari lotu behar zaio gure herrialdean egiten dugun sentsibilizazio lana, herritarrak informatuta egon daitezen han gertatzen ari den guztiaz”.

Helburu horiek betetzeko, zenbait proiektu martxan dituzte errefuxiatuen kanpamentuetan: Smara izeneko wilaya-n heziketa bereziko eskolan, osasun zentroan eta emakume taldean dituzte proiektuak, besteak beste. “Heziketa bereziko eskolan, 6-10 urte bitarteko haurrak dituzte, hainbat ezintasunekin: buruko gaitzak, Downen sindromea, gormutuak, hiperaktiboak, autistak, baita ezintasun fisikoak dituztenak ere. Eskola horretan, hamaika pertsonaren artean eramaten dute lan guztia, janaria bertan prestatzen dute eta bertan jaten dute haurrek, elikadura egokia dutela ziurtatzeko. Haien helburua autonomia lantzea eta beste eskoletan integratzea da”, azaldu du Berzosak.

Osasun zentroan, berriz, “haurdun dauden emakumeen eta haurren jarraipena eramaten dute gertu-gertutik, baita kronikoak diren gaixotasunak dituzten pertsonak ere. Hiru emagin eta bost laguntzailek eramaten dute aurrera”, azaldu du Saharako Lagunen Elkarteko kideak.

“Emakumeen taldea duela bi urte sortu genuen, hango emakumeek elkarrekin biltzeko eta hainbat jarduera aurrera eramateko beharra azaldu zigutenean. Lokal bat eskuratzeko aukera izan genuen, hura hornitu eta lanean hasi ziren: gaztelerako klaseak, joskintza lanak, berriketak eta formakuntza jarri zuten martxan emakumeen artean”, esan du Berzosak.

Smarako proiektuez gain, Bojadorren Biziura proiektua martxan dute –Bojador wilaya aspalditik senidetuta dago Donostiarekin–. Maite Berzosak azaldu du zink bidoiak plastikozko bidoiengatik aldatu dituztela, eta orain familia bakoitzak bere bidoia edukitzeko aukera izango duela: ”Orain arte auzo bakoitzeko bat egoten zen. Zink bidoiak tenperatura beroekin usteldu egiten dira, ura kutsatuz eta gaixotasunak sortuz. Proiektu honekin, familia bakoitzak bere etxean izango du 1.000 litroko ur bidoia”.

Oporrak Bakean programa

COVID-19ak guztiz baldintzatu ditu sahararrei elkartasuna adierazteko egitasmoak. Janari bilketa, kasurako: “Karabana urtero egiten da: janari bilketa merkataritza guneetan, kaleetan eta eskoletan egiten da. Erkidego mailan 200 tona inguru biltzen dira, eta aurten ezinezkoa izan da COVID-19a dela eta. Donostian beste kanpaina bat jarri dugu abian: diru bilketa proiektua. Asmoa da dirua biltzea, kanpamentuetako Ilargi Erdi Gorriari bidaltzea, eta beraiek han bertan janaria erosi eta familien artean banatzeaz arduratuko dira”, azaldu du Berzosak.

Oporrak Bakean programa ere ezin izan dute egin aurtengo udan. 1986tik pasa dituzte udak urtero 30 haur sahararrek, gutxienez: “Batetik, udan egiten dituen 55 gradutik gorako tenperatura tik haurrak babestea da helburua. Bestetik, urte guztian zehar kanpo laguntzaz jasotako elikagaiez elikatzen dira haurrak, eta nolabait bi hilabete horietan, orekaz elikatzen dira. Asko anemiarekin etortzen dira, hango elikadura ez delako batere orekatua: hona etorri eta anemia desagertzen da. Hara itzultzean negu gorria nahiko indarrez jasateko nahikoa bitamina jasotzen dituzte. Horretaz gain, azterketa medikoak ere pasatzen dituzte: haur askok hona etorri aurretik ez dakite betaurreko batzuk behar dituztela, adibidez. Erraz konpondu daitezkeen gaixotasunak konpontze bidean jartzen dira, eta aurten, hori ezin izan da gauzatu”, azaldu du Eli Eizagirre Oporrak Bakean programako koordinatzaileak.

Alazne Altuna donostiarrak 2015etik parte hartzen du programan, eta Salka eta Mohamed izeneko haurrak izan ditu berekin udan: “Ni kooperante izan nintzen 2012tik aurrera, eta hartu nuen haurra ezagutzen nuen. Lau urtez neska bat etorri da, eta bere laugarren urtean, bere anaia ere etorri zen. Esperientzia ikaragarria da. Hasieran ez da erraza: ez dakite hizkuntza, beste mundu batetik datoz, eta haien familiatik aldentzen dituzte. Baina zure familiako kide bihurtzen dira: nire familiako kide dira. Aurten ezin izan dira etorri, baina egunero hitz egiten dut beraiekin”, azaldu du.

HITZAkide HITZAkide