Merkatariek elkartzea erabaki dute beren etorkizuna bermatzeko
Parte Zaharreko 200 establezimendu inguruk diru laguntza zuzen eta eraginkorrak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari. Negozioak ez ixteko eta hilabeteko gastuei aurre egiteko babesa behar dute.
Parte Zaharreko hainbat merkatariren elkarretaratzea, Konstituzio plazan. (Argazkia: Beñat Parra) Kaleak hutsik daude Parte Zaharrean. Koronabirusak, ostalaritzaren itxierak, turismoaren jaitsierak eta neguko hotzak auzoko merkatarien egoera belztu du. Martxotik bizi duten egoera jasangaitzari aurre egiteko elkartzea erabaki dute, eta dagoeneko 200 inguru dira. Auzoko ostalariek ere babesa adierazi diete. Eusko Jaurlaritzari diru laguntza zuzen eta eraginkorrak eskatu dizkiote, eta horiek laster iristeko premia dute.
Fiori arropa dendako Miren Olanok 28 urte daramatza Parte Zaharrean lanean, eta gaur egun bizi duten egoerak «sekulako tristura» sortzen duela adierazi du: «Egunero irekitzen dugu denda, erakusleiho erakargarriak jartzen saiatzen gara, ordu asko ematen ditugu hemen, eta ixterakoan ez dugu irabazirik. Nahiko etsigarria da bizi dugun egoera». Bezero gutxi dituzte, eta horrela ez dute modurik hilabeteko gastuei aurre egiteko. «Alokairua, langileak eta bestelako gastuak berdin ordaindu behar ditugu, salmentak izan edo ez». Horrela jarraituz gero auzoko establezimendu askok itxi egin beharko dutela nabarmendu du Olanok.
Parte Zaharreko merkatarien egoera «bereziki larria» dela diote. Traffic dendako Patricia Berdealek ez du ulertzen zergatik ez diren joaten donostiarrak Parte Zaharrera: «Hau ez da ghetto bat, ez dizkiegu ateak itxi donostiarrei; guk hiriko beste auzoetan kontsumitzen dugu, eta ez dut ulertzen donostiarrek zergatik ez duten hemen kontsumitzen». Ildo beretik, herritarrak auzoan erostera animatu ditu Olanok: «Kaleak hutsik ikusi nahi ez baditugu, auzoko saltokietan kontsumitu behar dugu; beraz, donostiar guztiak Parte Zaharrean erostera animatu nahi ditut».
Auzoko jarduera gehienak turismora bideratu izanak orain kalte asko egiten diela salatu dute. «Azken urteotan auzoa ostalaritzara eta turismora bideratu dute, eta ondorioz, biztanle kopurua beste auzo batzuetan baino txikiagoa da proportzioan. Ostalaritza itxita dagoenez eta turistak ezin direnez etorri, gu hiltzen ari gara», azpimarratu du Olanok. Merkatariek ez dute «borroka horretan» sartu nahi, baina harturiko neurri guztiek kalte egin dietela diote. «Hori gutxi balitz, udalak soilik Kale nagusian jarri ditu Gabonetako apaingarriak. Gainerako kaleetan gauden establezimenduek ez dugu horrelakorik merezi?», salatu du Olanok.
Bizirik irauteko erakunde publikoen «babesa» ezinbestekoa da merkatarientzat. Apirila bukaeran, Donostiako Udalak merkataritza eta ostalaritza babesteko laguntzak atera zituen, baina horietatik ezer gutxi jaso dutela salatu dute. Eusko Jaurlaritzaren bonuek ere arazoa ez dutela konpontzen gaineratu dute. «Badaude laguntza batzuk, baina ez dira egokiak. Esaterako, Jaurlaritzaren diru laguntza jakin bat jasotzeko, salmentetan %25eko jaitsiera izan behar duzu, baina horrekin ez duzu alokairua ere ordaintzen. Egunerokoari aurre egiteko laguntzak behar ditugu», dio Olanok.
Bilera garrantzitsua
Eusko Jaurlaritzarekin elkartuko dira gaur 11:00etan, Andia kaleko Gipuzkoako ordezkaritzan. «Parte Zaharra bada hiriaren bihotza, babesteko eskatuko diegu. Zaindu behar den auzoa da», azaldu du Olanok. Merkatariek bilerari esker zerbait lortzeko itxaropena dute. «Gasteiztik datoz gurekin biltzera. Entzutera ez ezik, zerbait eskaintzera datozela pentsatu nahi dugu». Etorkizuna bermatzeko laguntzak behar dituzte.


