Udal artxiboaren egoitza berria datorren urte hasieran irekitzea aurreikusten dute

Udaletxearen azpitik Egiako Atotxa dorrearen azpira lekualdatuko dituzte Donostiako artxiboa osatzen duten dokumentu historikoak. 120.000 inguru dira, eta horiek herritarren eskura jarriko dituzte egoitza berrian. Bost gordailutan kokatuko dituzte dokumentuak.

Udal_artxiboa Udal artxiboaren egoitza berriko harrera. (Argazkia: Donostiako Udala)

Egiako Mandasko Dukearen 30. zenbakian, Atotxako dorrearen azpian, egongo da udal artxiboaren egoitza berria. Donostiako Udalak datorren urte hasierarako irekitzea aurreikusten du. Une honetan, udaletxearen azpian dago artxiboa, eta 120.000 dokumentu historiko inguru ditu. Aste honetan, gordailuren funts dokumentalak, bibliografikoak eta hemerografikoak leku berrira lekualdatzeko prozesua abiatu du udalak. Lan horiek egiteko 35.157 euroko aurrekontua onartu dute. Aldiz, AGM arkitektura estudioak idatzi zuen udal artxiboaren proiektua, eta Moyua enpresari adjudikatu zioten obra 3,3, milioi euroren truke.

Udal artxiboak 1.878 metro ditu, hainbat gunetan banatuta. Antzinako ibilgailuen udal gordailuaren zati batean eraikita dago. Era berean, erabilera anitzeko 420,15 metro karratuko eremua izango du lokalak, eta eremu horretan kokatuko dira Trebeska Dantza Taldea eta Xabier Kirol Elkartea. Sarbide nagusia Blas de Otero plazan izango du, igogailu eta eskaileren bidez, azpiko solairura eramango duena. Solairu horretan, artxiboa eskuinean dago, eta ezkerrean kokatuko dituzte dantza eta eskalada elkarteen lokalak.

Harrera lekua izango du artxiboak sarreran, eta erabiltzaileei arreta emateko eta dokumentazioa mailegatzeko informazioa egongo dira. Gune horrek kontsultarako eremu bat izango du, bi ordenagailurekin, erabiltzaileek artxiboko funtsak kontsultatzeko. Ikertzaileentzako armairuak eta erreprografia gela ere eskura izango dute. Hamabost pertsonarentzako kontsulta gela bat izango du, mahai, konexio elektriko eta datu eta isolamendu akustikoarekin. Artxiboko dokumentazioa antolatzeko sailkapen gela bat ere izango du, eta erabilera anitzeko gunea izango da kanpoko enpresek lanak edo zerbitzuak egiteko, kokapen finkorik gabeko mahaiekin.

Funtsak Mandasko Dukearen Atotxa eraikineko azpiko solairuan dauden bost gordailuetan instalatuko dira, udal artxibo berria hartuko duen lokala egokitzeko lanak bukatu ondoren. Gordailuak ez dira eskuzkoak, ireki eta modu teknologikoan ixten dira. Horrekin batera, gordailu bakoitzak hezetasuna eta tenperatura kontrolatzen dituen aireztapen sistema bat du, eta dokumentuak hobeto kontserbatu ahal izango dira.

Digitalizazio prozesua

Udal artxiboko 74.000 dokumentu Internet bidez kontsultatu daitezke, 2018ko uztailetik. Aurten, berriz, digitalizazio prozesu berri bat abiatu dute dokumentuak jatorrizko lekutik atera gabe irakurtzeko. Gureak enpresari adjudikatu zizkioten lan horiek 2,5 milioi eurogatik, eta datozen hiru urtetarako. 2022. urte bukaerarako digitalizazio lanak bukatu beharko dituzte.

Dagoeneko dokumentu asko digitalizatu dituzte. Horien artetik nabarmentzekoak dira ondorengoak: 1570-1599, 1600-1619, 1621 eta 1621-1739 garaietako udal batzar agirien zatiak; San Millan eta Villalegreko markesen funtsa, obra publikoko agirien liburua sortu zenetik 1843. urtera bitarte, 1870 eta 1912 urte bitarteko biztanleen errolda, 1813tik 1860ra bitarteko ordenantza eta araudiak, 1813tik 1917ra arteko agirien liburuak, 1964 eta 1978 urte bitarteko obra garrantzitsuen espedienteak –90 kaxa inguru–, eta Silvestre Perezen plano berreskuratuak. Horrekin batera, akta eta erroldaren indexazioa egiten ari dira.

HITZAkide HITZAkide