Arima Soul talde donostiarrak bere lehenengo diskoa aurkeztuko du igandean
Arima Soul talde donostiarrak bere lehenengo diskoa argitaratu berri du, eta igandean, hilaren 13an, aurkeztuko du, Parte Zaharreko Be Club tabernan. Euskarazko soul musika egiten dute donostiarrek, eta taldearen izen bereko hamar piezako diskoa argitaratu dute: letradun bost abesti propio, eta horien bertsio instrumentalak. Be Clubeko aurkezpen kontzertua 18:00etan izango da, eta sarrerek hamar euroko prezioa dute; emanaldia hasi baino ordu erdi lehenagotik eskuratu ahal izango dira sarrerak, tabernako atean. Diskoa entzungai dago jadanik plataforma digitaletan, baina kontzertura doazenek diskoa formatu fisikoan jasoko dute opari gisa, sarrerarekin batera.
Taldea Lidia Insaustik (ahotsa), Mikel Makalak (baxua), Paul San Martinek (teklatuak) eta Hilario Rodeirok osatzen dute, eta diskoa Fredi Pelaez ekoizle eta musikariaren Pottoko estudioetan grabatu dute. Orrua diskoetxearekin argitaratu dute, eta Txarly Brownek egin du diseinu lan guztia.